Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztu duen zerbitzuak judizialki aldatzen den jarduteko gaitasuna duten pertsonen senitartekoak edo hurbilekoak zaintzeko aholkularitza- eta laguntza-zerbitzuaren lehen urteko balantzea aurkeztu du. Zehazki, hamabi hilabete hauetan 200 pertsona baino gehiago artatu ditu Bizkaiko Tutoretza Erakundearen bitartez.

Zerbitzu honen helburua onuradun izan daitezkeen pertsona guztiei (tutoreei edo legezko ordezkariei eta boluntarioei) tutoretza beren gain hartzeko eta mantentzeko beharrezkoak diren laguntza-tresnak ematea da. Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuaren ustez, ingurune hurbilena da desgaitasuna duten pertsonen borondatea, nahiak eta lehentasunak hobekien interpreta ditzakeena, baldin eta pertsona horien gaitasuna aldatu bada eta erabakiak hartzen lagundu badie. Eta zerbitzu horrek lan hori egiten laguntzen die: «Eskubideak bermatzeko eta bizitza osoa ingurune hurbiletik sustatzeko lana da», azpimarratu du Murillok.

Hala, 2021eko apirilean martxan jarri zenetik foru zerbitzu horretara jo duten pertsonen % 58k tutoretza behar bezala gauzatzeko informazioa, orientazioa eta aholkularitza jasotzeko jo dute. Gainerakoek beharrezko laguntzak jaso dituzte horren ondoriozko betebeharrak bete ahal izateko: % 8k aholkularitza juridikoa eskatu dute, eta % 34k laguntza jaso dute kontuak emateko, ondasunen inbentarioa egiteko, etab.

Gaixotasun edo desgaitasun fisiko edo psikikoren bat duen eta denboran iraunkorra den eta bere burua gobernatzea eragozten dion 18 urtetik gorako edozein pertsonak bere gaitasuna alda dezake (edo tutoretza jaso dezake). Arrazoi ohikoenen artean daude adimen- edo garapen-desgaitasun larria, narriadura kognitiboak edo dementzia aurreratuak, eta errealitatearen pertzepzioa mugatzen duten gaixotasun eta nahasmendu mental batzuk. Gaur egun, 6.000 pertsona inguruk dute beren inguruko senide edo gertuko bat legezko edo borondatezko ordezkari gisa.

Zerbitzurako sarbidea eta ordutegiak

Bizkaiko Foru Aldundiak tutoretza gauzatzeko abian jarritako aholkularitza- eta laguntza-zerbitzuak honako hauek eskaintzen ditu:

Oinarrizko informazioa, orientazioa eta doako aholkularitza ematea Bizkaian erroldatutako adinez nagusi guztiei, honako gai hauei buruz: gaitasuna aldatzeko prozedura, laguntza-figurak (kuradoretza, defentsa judiziala eta izatezko zaintza), gaitasuna aldatzeko prebentzio-neurriak (prebentzio-ahalak, autotutoretza eta aurretiazko borondateak) edo tutoretza-funtzioak betetzea.

Tutore-kargua betetzen laguntzea kargu horrek eskatzen dituen betebeharrak betetzeko, bai eta gaitasuna aldatzeko epaiak ezartzen duen beste edozein betebehar betetzeko ere. Betebehar horien artean daude kontu-emateak egitea, inbentarioak egitea, baimen judizialak eskatzea edo bestelako aholkularitza juridikoa ematea.

Zerbitzu hori Bizkaiko Tutoretza Erakundearen bulegoetan eskaintzen da (Errekalde zumarkalea 18, Bilbo). Zerbitzu honen erabiltzailea izateko, ezinbestekoa da hitzordua eskatzea 94 608 37 40 telefono-zenbakiaren bidez.

Hauek dira Bizkaiko Tutoretza Erakundean aurrez aurreko arretarako ezarritako ordutegiak, eskatzen den laguntza-motaren arabera:

Oinarrizko eta doako informazioa, orientazioa eta aholkularitza: ostegunetan, 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 17:00etara, eta ostiraletan, 10:00etatik 14:00etara.

Tutoretza gauzatzen laguntzea - Kontuak ematea: astearte eta asteazkenetan, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

Tutoretza gauzatzen laguntzea - Aholkularitza juridikoa: astelehenetan, 15:00etatik 19:00etara.

Azken bi kasuetan, familiek ezintasun-epaia, karguaren onarpena eta eskatzen den dokumentazio gehigarria aurkeztu beharko dituzte.