Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak Bizkaiko errepide batzuk erabiltzeagatik salgaien garraioko ibilgailu astunek ordaindu beharra ezarriko duen foru arauaren aurreproiektua onetsi du. Foru arau horren ekimena iazko ekainean abiarazi zen Batzar Nagusietan. Beraren helburua da gutxika-gutxika free flow arkuak ipintzea 3,5 tonatik gorako kamioientzako honako errepide hauetan:N-240, BI-625, N-636, A-8 eta Txorierriko saihesbidea

Aurreproiektu hau Europako Batzordeak ontzat eman ondoren onetsi da. Ekimenaren aurkezpenean Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatu Imanol Pradalesek adierazi zuen foru arauak aurrera egiteko ezinbestekoa zela "berme guztiak aplikatzea eta segurtasun juridikoa erabatekoa izatea, inolako diskriminaziorik ez sortzeko, ez zuzenekorik, ez zeharkakorik, tarteak identifikatzerakoan, kontrol-arkuak jartzerakoan eta kanonaren zenbatekoak ezartzerakoan". Europak argi berdea emanik, aurreproiektuaren tramitazioak aurrera egingo du Batzar Nagusietan.

Bizkaiko errepide batzuk erabiltzeagatik ordaintzeko sistema berriaren helburuak honako hauek dira: aplikatuko den errepide sarea ahalik ondoen egotea, kudeaketa eraginkorragoa eta orekatuagoa aplikatuz, sarea artatzeko, mantentzeko eta ustiatzeko behar diren inbertsio guztiak bermatzeko; Europar Batasunak deskarbonizazioaz ezarritako gidalerro eta helburuetara hurbiltzea, 3,5 tonatik gorako kamioi handiei CO2 emisioak murrizteko pizgarriak emanez; errepide-sareko segurtasuna hobetzea.

"Europar Batasunak bidea markatu die gobernuei mugikortasun garbi, lehiakor eta iraunkorra ezartzeko", gogorarazi zuen Pradalesek Bizkaiko Parlamentuko osoko bilkura hartan. Izan ere, Bizkaiko Batzar Nagusiek 2019an eskatu zioten Foru Gobernuari "Bizkaiko bide-sarean antzemandako disfuntzionaltasunak" konpontzeko. Horretarako, Errepideen Lurraldearen Arloko Plana egiteko Jarraibideak eta Irizpide Orokorrak dokumentua egin zen.