- Mungiako Udalak Legarda futbol zelaiko harmailak egokituko ditu irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin. Udaletik azaldu dutenaren arabera, “egitura berriak gaur egungo araudia beteko du eta banakako 240 eserleku izango ditu, gurpildun aulkientzako espazioez gain”. Udalak dagoeneko egin du obren lizitazioa, 121.714 eurokoa. Ekora Rehabilitación enpresari esleitu zaio eta 3 hilabete inguruko iraupeneko lanak izango dira.

Egungo harmailak behera botako dira eta irisgarritasuna nabarmen hobetuko duten beste batzuk eraikiko dira. Egitura berri hori “adreiluz, hormigoiz eta sandwich panelez osatuta egongo da, bai alboetan, bai estalkian”. Ager Izagirre Mungiako alkateak adierazi duenaren arabera, herrian kirola sustatzeko Udalak duen konpromisoaren beste adibide bat da esku-hartze hau: “Herritarrei emandako hitza bete behar dugu eta proiektu garrantzitsuak gauzatzen jarraitu. Legardako harmailak egokitzea jauzi kualitatibo nagusia izango da instalazioentzat, eta horrek hobekuntza nabarmena ekarriko du mugikortasun urriko pertsonentzat”.