Aurreko ostiralean goizean, urriak 15, Bizkaiko Foru Aldundiaren familia-harrerako kanpaina berriaren aurkezpena egin zen. Kanpaina honen bitartez, lurraldean familia biologikoarekin bizi ezin izan diren adingabeei laguntza emango zaie, beste familia batzuk euren etxeetan hartuz.

Harrera egiteko konpromisoa hartzea babesgabetasun-egoeran dagoen adingabe batentzat etorkizun hobe baten eraikuntzan zuzenean parte hartzea da, eta horrela Bizkaia hobe bat lortzen laguntzea. Harrera-familiak adingabearen arazoetan inplikatzen dira, garatzen, hazten eta heltzen laguntzen diote, eta, horrez gain, familia biologikoarekin harremanetan jartzen laguntzen diote, ahal denean eta, batzuetan, baita itzultzen ere.

Gizarte Ekintzako foru diputatuak, Sergio Murillok, Foru Aldundiak Bizkaiko herritarrei egiten dien familia harrerako kanpainaren mezu nagusia azaldu du: "Harrera egin eta bizitzaren historia berria eraiki". Kanpaina berrian, Aldundiak 'familiarteko gosari tipikoa' nolakoa izan daitekeen irudikatzera gonbidatzen du, betiere aukeratu gabeko babesgabetasun-egoera batetik pasatzen diren adingabeei zuzenduta, eta nola eskain dakiekeen familia bat 'senide arteko gosari tipikoa' izateko.

"Errealitate sozial bat dago, eta horren bidez asko egin dezakegu, harrera eginez. Ezin dugu adingabe baten bizitzaren historia aldatu, hori ezin dugu zure ordez egin, nahiz eta hortxe izango gaituzun zure alde", adierazi du Murillo diputatuak.

Kanpaina zabalduko da -hedabideez, sare sozialez eta publizitate-guneez haraindi- aliatuen sare baten zuzeneko inplikazioari esker, hala nola Bizkaiko Psikologia Elkargoa, Bizkaiko Gizarte Laneko Elkargoa eta Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeak, adibidez APNABI edo Agintzari. Azken horiek beren erakundeen barruan zabalduko dute mezua, beren barne-komunikazioko kanalen bidez. Ildo horretan, Gizarte Ekintzako diputatuak dei egin die erakundeei eta enpresei kanpaina beren erakundeetan zabaltzeko. "Agian, erakundean ere egongo da aparteko zerbait egiteko aukera duen norbait, adingaberen baten bizitzaren historia hobetuz. Ekarpen ordezkaezina da; pertsona horrekin topo egiten ez badugu, ez dugu aldatuko adingabe horren bizitzaren historia", adierazi du.

Bizkaiko gizarteari egindako dei hori Kristian Congo 23 urteko gaztearekin batera egin du. Gazte horrek Bizkaian babesgabetasun-egoeran dauden beste adingabeek behar duten harrera-familia batean izandako esperientziaren berri eman du. "Familia-harrera adingabe bat garatzeko ingurune egokia sortzeko tresnatzat hartzen dut. Nik inguru hori izan dut". Gazteak Bizkaiko herritarrei gonbita luzatu die abegi-zentroetan bizi den adingabe bat hartzeko: "Familia-harrerak adingabeei biziaren zenbait alderditan garatzeko aukera ematen die. Nik neuk ere aukera hori izan nuen, eta nire ustez ona da beste adingabe batzuei ere ematea".

BIZKAIAK ABEGI-PERTSONA EDO -FAMILIA GEHIAGO BEHAR DITU

Gaur egun Bizkaian 309 adingabe bizi dira abegi-familia batekin: 198 familia zabalean (aitona-amonekin eta osaba-izebekin, batez ere) eta gainerakoak (111) beste familia batekin. "Familia horiek adingabeak artatu, zaindu, elikatu eta hezten dituzte, eta behar den denboran arreta integrala ematen diete, berezko familiako kide bat gehiago izango balira bezala, nahiz eta jakin berez ez direla", esan du Gizarte Ekintzako diputatuak.

Zehazki, Sergio Murillok adierazi du Bizkaiak lau modalitatetan (urgentziazkoa, aldi baterakoa, iraunkorra eta espezializatua) adin guztietako adingabeentzat abegi-pertsonak edo -familiak behar dituela. "3 urtetik beherako haurtxoak, baita 3 eta 13 urte bitarteko adingabeak ere hartzeko prest dauden familiak. Lehenengo kasuan, haien bizi-garapenerako berebiziko unean abegi-zentroan sartzea saihestuko da. Halaber, hartu ahal izango dira anai-arrebak eta behar bereziak dituzten umeak". Azkeneko kasuetarako, Gizarte Ekintzako diputatuak gogorarazi du, arduraldi bereziaz gain, abegi-familiako kideren batek berezko prestakuntza eta lanbide-esperientzia izan behar dituela hezkuntza, osasun edo gizarte zerbitzuen arloan.

Harrera-familien sarean parte hartu nahi duten interesdunek balorazio eta prestaketa prozesu bat gauzatu behar dute. Eta urteko 365 egunetan 24 orduz lan egiten duen Gizarte Ekintza Sailaren diziplina anitzeko talde baten laguntza integrala izango dute une oro. 2021ean, 30 familia berrik abiarazi zuten familia-harrerako prozesua Bizkaian, eta 20 familia-harrera berri formalizatu ziren.

BABES-NEURRIA, AUKERA BAT

Familia-harrerak haur bati eskaintzen dio, behar den denboran, afektua, ardura eta laguntza ematen dizkion ingurune batean hazteko aukera, adingabeari abegi-familia batean garatzen eta integratzen laguntzeko asmoz, familia horretako kide bat izango balitz bezala. Halaber, guraso biologikoekiko harremanari eutsi, eta hori hobetuko dute, eta itzultzeko prozesuari lagunduko zaio, hori posiblea denean.

Harrerak familia egonkorra, atsegina, normalizatua eta egokia ematen die adingabeei, hezkuntza jarraibide argiak dituena. Halaber, adingabeei lotura berriak ezartzen, maila fisikoan zein emozionalean hobetzen, familia-eredu egoki bat ezagutzen eta beren nortasunari eta gurasoekiko harremanari eusten laguntzen die.

NOLA IZAN HARRERA-FAMILIA?

Harrera-familia izan nahi duten pertsonek edo familiek foruko berezko webgunea kontsulta dezakete, horretan azaltzen baita zer den familia-harrera; zer dakar hartuta dauden haurrentzat, adingabeen familiarentzat eta abegi-familiarentzat; zer familia-harreraren modalitate dauden edo nolakoa den prozesua, besteak beste. Hori guztia kontsulta daiteke hurrengo helbide honetan.

Era berean, harremanetan jar zaitezke posta elektroniko bat bidalita acogimientofamiliar@bizkaia.eus helbide elektronikora. Bestela, informazioa eska dezakezu honako telefono-zenbaki honetara deituta: 944 470 737.