Urtero bezala, hainbat arte-disziplinatako ekimenak biltzen dituen Mareak jaialdiaren zazpigarren edizioa jasoko du Bermeok aurten ere bai. Urriaren 12tik 16ra bitartean izango da jaialdia. Ekitaldiak adin eta kultur ezberdinetako pertsonei bideratuta egongo dira.

Jaialdi honen zazpigarren edizioak hainbat eszenatokitan egingo diren hamaika ekitaldi kulturalekin (kontzertuak, ipuin kontalariak, proiekzioak…) gozatzeko aukera eskainiko die bertaratzen diren pertsona guztiei. Prestatu diren ekimen batzuk doakoak izango dira (erreserba egitea behar beharrezkoa izango da) eta, besteak, ordainpekoak. Sarrera guztiak eskuragarri daude www.bermeokokafeantzokia.com webgunean. Noski, ekitaldi guztiek indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriak beteko dituzte.

Ekintza asko egongo dira programatuta datorren astean zehar. Besteak beste, urriaren 12an, ibilaldi interesgarri bat egingo da Katilotxu mendira. Juan Carlos Lopez Quintanaren eskutik, Katilotxuko dolmena izango da hizpide doako irteera honetan. Urriaren 13an, aldiz, Naita Produkzioak-en eta Nerea Ariznabarreta aktoresaren eskutik, “Mito izaki eta kondairak” helduei zuzendutako ipuin kontalaria izango dugu Nestor Basterretxea aretoan. Sarrera doakoa izango da. Hurrengo egunean, urriaren 14an, Frantziskotarren Klaustroan, Jorge Garridok “Hariak eta teklak” kontzertua eskainiko du. Sarrerek 4 euroko prezioa izango dute.

Urriaren 15ean, ostiralean, hainbat ekintza programatu dira. Besteak beste, Kurtzion, Dream Division proiektua ezagutu ahal izango dugu. Sintetizadoreen bitartez, istorioak kontatuko dizkigute. Sarrerak 6 euroko prezioa izango du. Larunbatean, azken egunean, Nestor Basterretxea aretoan zine foruma izango dugu: “Antzinakoarekiko loturak artearen bidez” izenpean, bi dokumental ikusteko aukera egongo da. Sarrera doakoa izango da. Azkenik, arratsalderako bi ekintza oso interesgarri antolatu dira: Candelabre hirukotearen kontzertua Beleza Malandran (sarrera 6 euro) eta Kafe Antzokian programatutako beste hiru kontzertu (Sieben, Kabbalah eta No Sanctuary). Azken honetarako sarrerek 12 euroko prezioa izango dute.