Bizkaiko Foru Aldundiak inbertsio handia egin du Ondarroako zubi birakaria birgaitzeko. Guztira, 1.296.530 euroko aurrekontua bideratu egin du. Lanak dagoeneko amaitu egin dira, eta zubia funtzionatzen dabil ostiral honetatik.

Lan horiek 2019ko ekainean hasi ziren eta zubiaren elementu guztietan egin dira: metalezko bi egitura mugikorretan, horiek biratzeko bi mekanismoetan eta bi zutabeetan. Era berean, segurtasuna indartzeko pasabideko zurezko zoruak finkatu eta berritu dira, tratamendu ez-labaingarri batekin, eta barandek aurretik ez zeukaten sare antieskalagarri bat dute. Jarduketa osatzeko zubiak Ondarroako itsasadarraren bi ertzetako kaietan dituen ainguratze-tokiak urbanizatu dira.

Gorka Estebezek, Lurralde Garapenerako zuzendari nagusiak, jarduketa honen berezitasuna azpimarratu du; izan ere, Ondarroako zubia elementu bakarra da munduan, duela 94 urte eraikia eta Kultur Ondasun gisa katalogatuta dago Monumentu kategoriarekin. Hori dela eta birgaitze-prozesua oso zehatz egin da eta korrosioaren ondorioz narriadura handia zuten eta, beraz, lehengoratu ezin ziren piezak, artisau-teknikekin erreproduzitu dira.

Era berean, Estebezek zubia birgaitzen esku hartu duten teknikariek programatutako mantentze-planaren berri eman du. Planaren helburua zubia egoera onean mantentzea da eta urtean 45.000 euro inguruko inbertsioa eskatuko dio Aldundiari aldizkako mantentze-lana horiek egiteko. Ohikoena zubia irekitzea eta ixtea izango da; jarduketa

hori hamabost egunean behin egingo da eragingailu- eta errodadura-sistemak ikuskatzeko eta koipeztatzeko; izan ere, horiek osatzen dituzten piezak dira higadura eta giro gaziaren emaitzako korrosioa pairatzeko arrisku handiena dutenak.

Era berean Aldundiak zubiaren egituraren berrikuspen orokorra egingo du urtero, eta hiru urtean behin urpekariak erabiliz zutabeak ikuskatuko ditu, egiaztapen topografikoa egingo du eta ainguratze-tokiak berrikusiko ditu. Metalezko egitura korrosiotik babesten duen pinturari dagokionez, mantentze-planak barandak bost urtean behin birpintatzea eta egitura osoa hamabostetik behin birpintatzea aurreikusten du.

BIRGAITZEKO ETA FINKATZEKO PROZESUARI BURUZ

Zubi birakaria edo hondartzako zubia (plaiko zubixi) 1927an eraiki zen, eta Kultura Ondasun gisa katalogatuta dago, monumentu kategoriarekin Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian. Munduan kontserbatzen den bere tipologiako zubi bakarrenetakoa da. Zati metalikoak korrosioaren eraginpean zeudenez, 2019ko ekainean Aldundiak birgaitzeari ekin zion, hau da, altzairuzko piezak artisau tekniken bidez berreskuratu edo erreplikatu zituen. Halaber, harrizko eta hormigoizko bi zutabeak birkokatu eta birjartzeko ere esku hartu dute, asentu arazoak baitzituzten.

Egitura metalikoa zaharberritzea. Bi zatik osatzen dute egitura metalikoa, eta bakoitzak bere erara biratzen du. Jatorrizko piezak altzairuzkoak ziren, eta narriadura egoera handian zeuden korrosioagatik; hori dela eta, 2016an itxi egin zuten pasabidea. 2019ko ekainean desmuntatu ondoren, lantegian lan egin da aprobetxatu zitezkeen jatorrizko piezak berreskuratzeko; hala, zurrustaz tratatu dira oxidoa kentzeko eta ondoren garbitzeko eta pintatzeko.

Berreskuratu ezin izan diren piezak artisau teknika eta prozedurak erabiliz erreplikatu dira, gaur egungo eraikuntza modernoan erabiliko zirenen guztiz bestelakoak. Jatorrizko egituran bezala, erreplikak ere altzairuzkoak dira.

Egitura metalikoa zaharberritzeko lanak 2020ko abenduan amaitu ziren eta ondoren kolore berde eta beltzez pintatu ziren.

Biratzeko mekanismoak zaharberritzea. Biratzeko mekanismoak zutabe bakoitzaren gainean daude, eta kremailera biribil batean oinarritzen dira. Kremailera horren gainean pinoi bat mugitzen da. Pasabidearen historian zehar, mekanismo hau sistema elektriko eta eskuzkoekin erabili izan da. Birgaitu ostean, jarritako sistema eskuzkoa izango da, jatorrian zuen sistema, hain zuzen.

Zubiaren oinarriak birkokatzea eta asentatzea. Birgaitze lanen funtsezko alderdi bat pasabideari eusten dioten harrizko eta hormigoizko zutabeen gainean jardutea izan da; jatorrian, itsasadarraren hondarrezko hondoan asentatzen ziren, lur ezegonkor batean, Artibai eta itsasaldien ur-korronteen mende. Hori dela eta, bi zutabeak jatorrizko posiziotik aldenduta zeuden; ezkerreko zutabea 40 zentimetro inguru mugitu zen itsasadarraren barrualdera, eta eskuinekoak 4 zentimetroko okerdura zuen. Bi fenomenoak ez ziren agertu pasabidea desmuntatu arte, honek tirante lana egiten baitzuen, zutabeak bere tokian mantenduz.

Zutabeak jatorrizko geometriara eta kokapenera itzultzeko, mikropiloteen bidez arrokazko hondora finkatu dira, beste desplazamendurik edo balantzarik ez egiteko, eta pasabidearen kargak arroka substratura transmititzeko. 2020ko azaroan hasi ziren lan horiek, eta iragan maiatzean amaitu.