Martxan da Ondarearen Europako Jardunaldien XXI. edizioa

16.09.2021 | 15:47
Ondarearean Europako Jardulnadien XXI. edizioaren aurkezpena.

Gaur goizean, irailak 16, martxan jarri da 'Ondare irisgarria eta inklusiboa' goiburua daraman Ondarearen Europako Jardunaldien XXI. edizioa. Aurkezpenean Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Lorea Bilbao izan da.

Edizio honetako gaiaren bidez, 'Ondare irisgarria eta inklusiboa' gonbidapena luzatu zaie Bizkaiko Ondarearen Europako Jardunaldien sarea osatzen duten pertsona, erakunde eta instituzio guztiei, elkarrizketarako eta ekintzarako markoa zabal dezaten eta hartzaile mota gehiagorekin konekta dezaten. Hala, kultura ondarearen aurkezpenean eta interpretazioan tradizionalki ordezkaritza eskasa izan duten edo baztertuak izan diren taldeekin topaketa eta prozesu inklusiboak sustatu dira.

Diputatuak azaldu duenez, "'Guztion ondarea, denok parte! Patrimonio accesible e inclusivo' leloak ezin hobeto finkatzen dau bizipenak eta ikuspegiak alkarri azaltzeko eta danontzako moduko programea gozatzeko esparrua, pertsonak erdigunean jarrita. Kultura ondarea komunidadeko pertsonen adierazgarria baino ez da: geure baloreak, sinisteak, ezagutzak eta ohiturak adierazten ditu. Horregatik, guztion eskubidea da kultura ondarea gozatzea. Horixe da aurtengo edizinoan aldarrikatzen doguna: ondare inklusiboa, kidetasunean, libre, lasai, oztoporik gabe, gustora bizitzea gure kuktur esperientzia".

Nabarmendu behar da edizio honetan 53 gizarte kolektibo berri batu zaizkiela 100 organismo eta elkarte kulturalei. Ondarearen Europako Jardunaldien informazio guztia webgune honetan eskuragarri dago.

Kolektibo guztien laguntza funtsezkoa izan da jarduerak diseinatzeko prozesuan zehar. Jarraian zerrendatutako erakundeek lehenengoz parte hartu dute pertsona guztiei zuzendutako askotariko proposamenak jasotzen dituen programa honetan: ONCE Fundazioa, Gorabide, Karenka, Fekoor, Andra Mari Zentro Okupazionala, Asebier, Gaude, Argia, FormArte, Síndrome de Down Fundazioa, Retina Bizkaia Begisare, Adisa eta ADIZMI.

Urri osoan zehar, udalak, museoak, turismo bulegoak, naturaren nahiz ondarearen interpretazio zentroak, kultura elkarteak eta auzokideen elkarteak eta gizarte erakundeak arituko dira, Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatuta, ondarea pertsona guztiei gerturatuko dien egitaraua aurrera eramaten.

Guztira 214 jarduerak osatuko dute Bizkaiko urriko agenda. Bisitak, ibilbide eta ibilaldi gidatuak, tailerrak, hitzaldiak, mahai-inguruak, konferentziak, topaketak, lekukotzak, ipuin kontaketak, erakusketak, kontzertuak, ikus-entzunezkoen proiekzioak, bideo-forumak, lehiaketak, ginkhana formatuko jarduerak... hartzaile mota guztientzako antolatutako jarduerak.

Jardueren egitaraua webgunean kontsulta daiteke, eta jarduera horietan parte hartzeko interesa dutenek webgune horren bidez, telefonoz nahiz posta elektronikoz egin ahal izango dute.

JARDUEREN EGITARAU ZABALA

Proposamen horien bidez, Bizkaiko 53 udalerritak aniztasunak jorratuko dira, funtzionala, fisikoa eta adimenekoa, entzumenekoa eta bisuala kasu. Horren adibide dira Fekoor Elkarteak antolatutako bisitak. Horietan, hizkuntza dinamiko eta sinplearen bidez, zeinu-hizkuntzaren eta erliebeko irudien bidez, Lamiakoko historiaren berri emango da. Getxok ere hainbat proposamen aurkeztuko ditu, hamabost jarduera egingo dituelarik. Gorlizen, Gernika-Lumoren, Etxebarriren, Portugaleteren eta Urduñaren kasuetan bezala, askotariko tailerrak, hitzaldiak, bisita gidatuak, ikuskizunak eta, are, kontzertuak edota jarduera sentsorialak izango dira.

Museoek ere heldu diote bisita eta tailer irisgarriak eta inklusiboak sortzeko erronkari, eta lankidetzan aritu dira tartean dauden kolektiboekin. Abanto-Zierbenan, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoak eta ADIZMI Elkarteak (Aniztasun funtzionala duten pertsonen aldeko Meatzaldeko elkartea) bisita gidatuak eskainiko dituzte hartzaile mota guztientzako. Ildo beretik doaz, esaterako, Santurtziko Itsas Museoa, udalerriko hainbat elkarterekin batera; Ziortza-Bolibarko Simón Bolivar Museoa; Enkarterrietakoa, edota Karrantza Haraneko Dolomitas Museoa.

Arkeologi Museoak Once Fundazioaren eta Retina Bizkaia Begisarerekin batera museoko aretoetara bisitak antolatu ditu, errealitate birtualeko betaurrekoen bidez. Ikusmenaren Mundu Eguna ospatuko dute, eta pertsona itsuei zuzendutako izaera parte-hartzaileko bisita bat egingo dute.

Iradokizun originalak egongo dira egitarauan. Esate baterako, Zallako topaketa gastronomikoa, "begiak itxita". Bestalde, Santurtziren kasuan, arrain enkante antzeztua egingo da, aniztasun funtzionala eta genero berdintasuna batuko dituena. Horrez gain, 1937ko Burdin Hesiko Eperlanda I kokalekua ezagutu ahal izango da Gamiz-Fikan, modu dinamiko eta sinplean. Bisitariek beren eskuekin ukitu ahal izango dituzte aztarna arkeologikoak.

Aniztasun funtzionalaz gain, programak barne hartzen ditu kultura eta erlijio ezberdinak islatuko dituzten jarduerak, edizio hauetan sarri ikusarazi gabe gelditu izan direnak. Esate baterako, Agiantza Elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu Bilboko San Luis meatzeetako migrazioen historiaren bueltan. Adibide berritzailea da, halaber, KOOP SF 24 kultur elkarteak eskainiko duena. Bilboko Udalaren eskutik, bisita gidatuak eskainiko ditu San Frantzisko eta Bilbo Zaharra auzoetako historia kultu-arteko ikuspegi batetik ezagutzeko. Bestalde, Txirrikleta Elkarteak 7. barrutiko auzoak erakutsiko dizkie herritarrei.

Bilbotik kanpo, Arrigorriagak eta Aulestik migratzaileen oroimena ezagutarazteko topaketak antolatuko dituzte beren udalerrietan, eta protagonisten lekukotzak eta esperientziak plazaratuko dituzte. Elorrion, aldiz, langile auzoetan zehar bisita gidatuak egingo dituzte udalerriaren eta, zehazki, industria ondarearen eraldaketa egiaztatzeko.

Te arabiar/berberearen zeremonia ezagutzeko aukera egongo da Urduñan, Turismo Bulegoaren eta Adingabeen Egoitza Zentroaren lankidetzari esker, eta te txinatarraren zeremonia ere bai. Bestalde, kafeak ijito herrian duen garrantziaren berri emango da. Ikasketa Txinatarren LuXun Elkarteak eta Kale dor Kayiko Elkarteak antolatu ditu azken bi ekimenak. Horrez gain, Lekeitioko kultur elkarteek antolatu duten topaketa gastronomikoan askotariko errezetak ezagutu ahal izango dira.

Amorebieta-Etxanoko eta Urduñako kultur elkarteek batera lan egin dute bi ikuskizun eskaintzeko, zeintzuen bidez udalerri bietako kultur aniztasuna islatzen duten kulturetako dantzak eta abestiak ezagutuko ditugun.

Ildo beretik, Dimako Udalak, Txumuluxueta kultur elkartearekin, Antzasti Euskaldunon Etxearekin eta Dima Harrera Herriarekin batera, topaketa euskal-afrikar baterako deia egin du. Ahozko tradizioak eta tradizio gastronomikoak partekatuko dira bertan.

Markina-Xemeinek ipuin kontaketak antolatuko ditu, udalerrian bizi diren jatorri geografiko askotako pertsonekin eta elkarteekin batera. Bakoitzak bere mundu ikuskera plazaratuko du kontakizunen bidez.

Gainera, Barakaldoko Euskal-Eslaviar Elkarteak, Ukraina-Euskadi Elkarteak, Ikasketa Txinatarren LuXun Elkarteak eta Bilboko Institutu Txinatar-Japoniarrak antolatutako erakusketa eta tailerren bidez nahiz Mungiako Udalak emakume arabiarren Marwa Elkartearekin eta senegaldarren Senmungi Elkartearekin batera antolatutakoen bitartez, gure hurbileko aberastasun kulturalari buruz askoz ere gehiago ikasiko dugu.

Gainera, jarduerak sustatuko dira emakumeek kultura ondareari egindako ekarpenak aitortu eta ikusarazteko ibilbideen edo erakusketen bitartez. Arrigorriagan, Artzentalesen, Busturian, Muskizen, Santurtzin eta Sopuertan izango dira, besteak beste.

Bizkaiko LGTBI komunitatearen historia ere ezagutaraziko da. Horretarako, Bilbao Bizkaia HARROk bi bisita gidatu egingo ditu Bilbon. Kolektiboaren historia ezagutu ahal izango da argitaragabeko dokumentuen bidez eta LGBTIQ mugimendua bizi izan duten edo horren baitan parte hartzen duten pertsonen lekukotza zuzenen bidez. Horrez gain, kolektiboarentzako esanahi eta karga sinboliko handia duten topaketa espazioak bisitatuko dira.

Gazteen eta nagusien parte-hartzea bultzatzea da edizio honetako beste helburuetako bat, belaunaldien arteko tailerren bitartez. Nagusien lekukotzak, "oroimenaren zaindarienak", gazteenekin partekatuko dira Artzentalesen, Bermeon, Garain, Getxon eta Ugao-Miraballesen. Besteak beste, bizimoduen eta ohituren eraldaketa edo kultur paisaia bezalako gaiak jorratuko dira.

noticias de deia