Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegiturak eta Lurralde Garapena sailak 1.767.070 euroko aurrekontua bideratuko du Kanpazarreko portuan N-636 errepidea hirugarren errei batez zabaltzeko. Lanen bigarren fasea urtearen amaieran hasiko dira.

Proiektua Durango eta Arrasate lotzen dituen N-636 errepideari dagokio, zehazki Kanpazar mendatea zeharkatzen duen bide-zatiari, errepide horrek trazadura bihurgunetsua baitu. Egunero, batez beste, 7.648 ibilgailu igarotzen dira mendate horretatik; horietako 1.468 ibilgailu astunak dira, eta berauetako asko garraio bereziaren arloko ibilgailu astunak dira. Horrezaz gainera, errepide horrek berezitasun bat ere badu: goizeko 7etatik 9etara bitartean, zirkulazioaren % 20 biltzen dela Arrasateko noranzkoan.

Gaur egun, mendateak zenbait bide-tarte ditu, ibilgailuek elkarri aurreratzeko baimendurik daudenak; baina bide-tarte horiek ez dira nahikoak trafikoaren intentsitate handiagatik eta kamioi kopuru handiagatik, eta horrek arrisku-egoerak sorrarazten ditu bidegabeko aurreratzeengatik; era berean, hori dela-eta auto-ilara handiak ere sortzen dira. Egoera hori hobetze aldera, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak jarduketa bat diseinatu zuen mendateko bi tartetan, tarte horietan ibilgailu geldoentzako hirugarren errei bat kokatzeko: lehen zati bat P35+800 eta 36+620 kilometro-puntuen artean osatu da, eta orain, bigarren zati berri hori 37+055 eta 37+950 kilometro-puntuen artean egingo da.

Bi bide-tarteetan proiektaturik dagoen jarduketarekin, Kanpazar mendatea zeharkatzeko ibilbidea batez beste 4,5 minutu murriztea espero da ibilgailu arinak sarrien ibiltzen diren ordu gorietan (Elorrio-Arrasate noranzkoan).

Bigarren fase honek 900 metroko luzera laburra du eta jatorrizko zabalera 7,4 metro inguru handitu nahi da, noranzko bakoitzeko errei batekin, 3,5 metroko 3 errei dituen sekzio berria taxutuz (bi errei igotzeko eta errei bat jaisteko).

Errepidean egun dagoen bide-zoruen tipologiari eutsi nahi izan zaio, errodadura-geruza berrezartzeari kalterik egin gabe. Eta, horrezaz gainera, drainatze-sare berri bat ere proiektatu da, lehendik dagoena baino eraginkorragoa, habitat naturalari, bereziki espezie babestuei, ahalik eta kalterik gutxien eragiten dieten ingurumen-agindu guztiak betez.