Bizkaiko Foru Aldundiak amaitu berri den Errenta20 kanpainaren balantzea egin du. Guztira, 636.264 bizkaitarrek aurkeztu egin dute aitorpena apirilaren 6tik ekainaren 30era bitartean.

Hamar aitorpenetik zazpitan emaitza zergadunaren aldekoa izan da, 901 euroko batezbesteko itzulketarekin; ordea, ingresatu beharreko emaitza izan duten aitorpenek 2.079 euroko batez besteko zenbatekoa izan dute. Itzulketak kanpainan zehar egin dira, aurkezpena egin eta gehienez zazpi eguneko epean; diru-sarrerak, berriz, uztailaren 6an egin ziren lehen epean. Bigarren epea azaroaren 10ean kobratuko da.

2020ko Errentaren gaineko Zergan bizkaitarrek 651,2 milioi euroko gizarte-kenkariak aplikatu dituzte. Gehien erabili dena, ia 221.000 pertsonek erabili dutelako, ondorengoengatiko kenkaria da; desgaitasunagatiko edo mendekotasunagatiko kenkaria da, 1.116 eurorekin, batez besteko kenkari handiena dakarrena.

ZERGADUNARENTZAKO ARRETA ETA LAGUNTZA

Errenta-kanpaina honetan berrikuntza nagusia izan da Foru Ogasunak 992.376 pertsonari eman diela aitorpena egiteko zirriborro edo proposamena; aitorpena eginda jaso duten pertsona horiek datu ekonomikoak dituzte, berdin da aitorpena aurkeztera behartuta egon ala ez. Aurkeztutako 636.264 aitorpenetatik %68,4 (435.047) Ogasunak egindako proposamena onartuz aurkeztu dira eta zergadunak ez du datu ekonomikorik aldatu edo sartu behar izan. Beste 201.217 aitorpenetan, %31,6, zergadunek Ogasunak aitorpena egiterakoan eskura ez zituen datu ekonomikoak aldatu edo gehitu dituzte.

Zergadunari laguntzeko zerbitzuak, batezbeste, 8.853 pertsonari eman die arreta kanpainako lanegun bakoitzean, batez ere telefonoaren bidez; telefono bidezko zerbitzu honetan 302 errenta-agenteek 541.956 dei artatu dituzte. Horrek esan nahi du, batezbeste, 8.741 dei jaso direla egunean; hala ere, zerbitzu hori gehien erabili den aldian, apirilaren 12tik 30era, egunean 11.947 dei erantzun ziren batezbeste.

Telefono bidezko laguntza-zerbitzuak 71.755 dei egin zizkien aurreko dei batean izapideren bat egiteke utzi zuten zergadunei eta eskaera handieneko uneetan artatu ezin izan zirenei.

Beste alde batetik, 6.960 pertsona artatu dira Gertu edo Foru Ogasunaren bulegoetan telefonoz edo internetez bete ezin izan dituzten izapideak egiteko. Aurrez aurreko hitzordu gehienen arrazoia PFEZari buruzko kontsultak ebaztea, dokumentazioa eranstea edo bak gakoa aktibatzea izan da.

Aurkezteko kanalari dagokionez, 473.230 aitorpen aurkeztu dira Internet bidez; 460.262 aitorpen web orriaren bidez, eta 12.968 aitorpen telefono mugikorretarako Errenta Bizkaia aplikazioa erabiliz. Telefonoz 53.013 aitorpen aurkeztu dira eta 480 pertsonek aurrez aurreko hitzordu batean aurkeztu dute agiria. Halaber, 109.541 aitorpen automatikoki aurkeztu dira, eta zergadunak ez du izapiderik egin behar izan.

AURREKO EKITALDIAREKIKO ALDERAKETA

Errenta19 kanpainan lortutako emaitzei dagokienez, kanpaina honetan nabarmen igo da aurkeztutako aitorpenen kopurua; 56.524 gehiago izan dira eta, batez ere, zergadunaren aldeko emaitza duten aitorpenak izan dira, horiek % 13,5 hazi baitira.

Gehikuntza hori aitorpen-zirriborroa pertsona guztien eskura jartzeari egotz dakioke, Errenta-eredu berriaren berritasun nagusia izan dena. Horrela, aitorpena aurkeztea errazten da aitorpena aurkeztera behartuta egon ez arren emaitza itzultzea den eta aurreko urteetan aitorpena aurkeztu ez duten zergadunen kasuan.

Foru Ogasunak lanean jarraitzen du zergadunarekiko laguntza hobetzeko, eta helburu horrekin inplementatu da aitorpen-ereduaren aldaketa. Horretarako kanpaina honetan lortutako emaitzak sakon aztertzen hasi da, bai ekonomikoak, bai zergadunarentzako laguntza-zerbitzuen erabilerari buruzkoak; ahalegin horretan zerga-aholkularitzako elkarte nagusiek eta zergadunek eurek egindako ekarpenak inkorporatuko ditu. Horretarako iradokizunen postontzia ireki du errentaren webgunean eta inkesta bat egingo du gogobetetze-maila ezagutzeko eta hobetzeko proposamenak jasotzeko.

ONDAREAREN GAINEKO ZERGAREN KANPAINA

Errentaren Kanpainarekin batera, Ondarearen gaineko Zergaren aitorpenak aurkezteko kanpaina ere garatu da. Aldi horretan, 7.716 zergadun bizkaitarrek autolikidazioak aurkeztu dituzte, hots, guztira 78.432.802,43 euro. Hainbestez, zerga horri dagokionez, 10.165 euro ordaindu dira batez beste.