Bizkaiko Foru Aldundiak ezagutzera eman du Markina eta Berriatua arteko BI-633 errepidean egiten ari diren hobekuntza lanen amaiera data. Hurrengo asteko ostegunean izango da, uztailak 22. Lanak iraun duten hilabete hauetan hainbat berrikuntza egin dira tarte horretan, batez ere oso eskasa zen ikusgarritasuna hobetzeko. Horrez gain, errepidearen zati batzuk zabalagoak egin dituzte, bi ibilgailu astun aldi berean gurutzatu ahal izateko. Orain, lanak amaitu baino aste bat lehenago, trafikoa erregulatzen aritu den behin behineko semaforoa kenduko da.

Jarduera honek zailtasun bat gehiago ere gainditu behar izan du, Plazakolako zubi historikoa handitzean. Horretarako, hasiera batean zubiaren kanpoko perimetroa berrezarri behar izan da, eta, ondoren, altzairuzko habezko egitura misto batekin handitu. Era berean, zubia baino lehen (Berriatua noranzkoan) hegalak eraiki dira, plataforma handitu ahal izateko, errepidearen azpitik pasatzen den ur-kanalean eragin gabe.

Obrak bi urteko iraupena izan du, eta, horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak 4,2 milioi euroko inbertsioa egin du.

1.700 metroko trazaduran zehar, plataforma handitu egin da, mozketak eta betelanak eginez. Aldaketa horiek inguruan integratuta egongo dira, landaretzaren bidez. Tartearen amaieran, Berritua inguruan, espaloi bat egin da, Berrituan dagoen espaloia Amaioako bidegurutzearekin lotzeko.

Sarbideak berrantolatu, autobus geltokiak hobetu eta bidegurutzeak optimizatu dira, kasu batzuetan norabidea aldatzeko ere erabilgarriak izan daitezen. Azkenik, eusteko, seinaleztatzeko eta balizatzeko sistemak egokitu eta hobetu dira.