Bizkaiko Batzar Nagusiek barruko bilera bategaz hasi dabe gaur II. Bardintasun Plana. Bilkuran, lehendakariak, batzordekideek, beharginek eta bardintasunaren arloko adituek hartu dabe parte, eta Bizkaiko Parlamentuko bardintasunezko ibilbide-orri barriaren ildo nagusiak aurkeztu dira. Planaren lehenengo helburua Bizkaiko Batzar Nagusiak osatzen dituen personen sentsibilizazino, kontzientziazino eta inplikazino handiagoa lortzea da.

Gizonen eta Emakumeen Bardintasunerako 2017-2020 lehenengo planak 40 ekintza gauzatu ebazan guztira, eta erakunde horri lotutako beharginen (finkoak edo aldi baterakoak) % 70ak hartu eban parte. Ekintza horreetan 1.230 personak parte hartu eben (890 emakumek eta 340 gizonek).

Parte hartu ebenek nabarmendu eben plana emakumeen eta gizonen arteko bardintasunean aurrera egiteko beharrezko tresna izan zala, eta, hori dala eta, erakundeak, 2021ean II. Berdintasun Plana egiten hastea eta abian jartea erabagi eban. Oraingo honetan, Batzar Nagusiek Equipare Kooperatiba Elkarte Txikia gizarte-ekimeneko kooperatibaren laguntza teknikoa eta aholkularitza izango dabe.

Plana, administrazino publikoek bertako personen bardintasuna bultzatzeko beren beregizko politikak txertatu behar dituela sinistearen ondorio da. Batzar Nagusien kasuan, talde politikoek eta plantillek alkarregaz egiten dabe behar helburu horregaz, eta baita ganerako erakunde politiko, sozial eta ekonomikoentzat bardintasun-politiken erreferente bihurtzeko be.

2017an, Nafarroaren ostean, Bizkaiko Parlamentua izan zan bardintasun-plan bat onartu eban Estaduko bigarren parlamentua, eta, ordutik, hiru urte baino gehiago daroaz barruan bardintasun-politikak sustatzeko eta bultzatzeko behar garrantzitsua egiten.