BILBO. Aurrera doaz Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea eta AP-68 autobidearen arteko loturan egiten ari diren lanak. Asteburu honetan, 195 metroko luzera duen zubibide bat jarri dute autobidearen gainean. Zubibide honi esker Seberetxeko tunela eta Bizkaia eta goi-lautada lotzen dituen autobidea batuko dira.

Imanol Pradales, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatua, gaur goizean obran egon da azpiegituraren eraikuntzaren mugarrietako bat nola garatzen ari den ikusteko. "AP-68 autobidearen gainean zubibidea jartzea mugarri handia da azpiegitura handi eta konplikatu honen garapenean. 195 metroko zubibideak Hegoaldeko Saihesbidearen eta AP-68 autobidearen arteko lotura ikusarazteko balio du. Gaur lehen aldiz ikus dezakegu Bizkaiak goi-lautadarekiko behar duen lotura. Bereziki Bilboko Portutik datorren salgaien trafikoak behar duena. Taula honek portua, aireportua, BEC, teknologia-parkeak eta lurraldeko enpresak eta goi-lautada lotzen ditu azkar eta kapazitate handiarekin. Lurreko komunikazioen funtsezko ardatza izango da lurraldearentzat", azpimarratu du.

Zubibidea jartzeak zailtasun tekniko handiak izan ditu; izan ere, 195 metroko luzera du, eta AP-68 autobidea erdibitzailean euskarririk jarri gabe gainditzen du. Zubibidea eraikitzeko 750 tona egiturazko altzairu erabili dira. Gainera, 5 apeo metaliko instalatu behar izan dira, eta horiei esker egitura metalikoa 7 zatitan muntatu ahal izan da. Diputatuak azaldu duenez, hilabete batzuk falta dira obren zati honetan egiten ari diren lanak osatzeko, 9b zatia deritzona, Seberetxeko tunelak eta Venta Altako lotunea barne hartzen dituena.

Gainera egun hauetan Seberetxeko tunelak eta AP-68 autobidea lotzen dituen akueduktua eusten duen pilarea "ordezten" ari dira. Pilare berria 8,5 metroko altuera duen egitura da, 5,5 metroko altuera duen hormigoizko idulki batean sartuta dagoena. Egitura horren berezitasunetako bat da eraitsi beharreko pilarearen eta egitura berriaren artean kargak transferitzeko maniobrarako hartutako prozesua.

BUIA-ARRIGORRIAGA BIDEGORRIA

Imanol Pradalesek aldean bidegorri bat eraikiko duela iragarri du. "Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen bigarren fasea eraikitzeko proiektuaren konpentsazio-neurrietako bat da. Ingurunearen defentsa, ingurumenaren zaintza eta eraikuntza-tekniken iraunkortasuna lehenesten ari den proiektu baten beste ezaugarrietako bat da. Peñaskal harrobia lehengoratzeari eta harizti bat landatzeari esker mendia eta basoa zena mendi bihurtuko da berriz eta, orain, jarduketa honen bidez Abusu eta La Peña artean dagoen bidegorria osatuko dugu. Buia eta Venta Alta artean bizikletentzako eta oinezkoentzako bidezidor bat eraikita zabalduko dugu", zehaztu du.

Proiektatu den zatia BI-3723 errepidea egokitzean datza, Venta-Alta eta Buia auzoaren artean. Errepide horretako galtzada zabaldu egingo da, txirrindularientzako eta oinezkoentzako bidegorria jartzeko; bide horrek 2 metroko zabalera izango du. Guztira, 782,6 metroko bidea egokituko da. Lizitazioaren aurrekontua 670.221 eurokoa da eta 6 hilabeteko epea aurreikusten da lanak burutzeko. Bidegorriaren lanak uda honetan bertan hastea itxaroten dugu.

Autobidearen gainetik gurutzatzen den zubibidearen sarrera baino lehentxeago hasten da trazadura. Zubibide hori ubidea da, eta gaur egun Arrigorriagatik iristen den trazadurarekin lotzen da; puntu hori, gainera, Seberetxe auzorako sarbidea da. Buia auzora sartzeko biribilgunean amaitzen da eta bertan dagoen bidearekin bat egiten du, La Peña auzoraino jarraitzen duena. Bidegorri hau egin ahal izateko AP-68 autobidearen gaineko goiko pasabidearen egitura birmoldatuko da eta 2 metroko zabalera duen bidexka bat eta ibilgailuen zirkulaziorako 6,4 metroko plataforma bat jarriko dira. Halaber, jarduera petril berriak jartzeko aprobetxatu da.