BILBO. Ostiral honetatik aurrera, apirilak 30, emakumeen lana eta berdintasunerako bide amaitu gabea aldarrikatzen dituen 'Zirgariak' izeneko eskultura-multzoa Bilboko itsasadarrean dago ikusgai.

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailak Dora Salazar artistari eskatu dio zirga bati tiraka ari diren lau emakumek osatutako monumentu-multzoa. Aldarrikapen sinboliko horren bidez, emakumeen lanaren garrantzia eta oraindik lortu gabe dagoen berdintasunerantz pausoak ematen jarraitzeko beharra aitortu nahi izan dira.

Sail horretako arduradunak, Teresa Laespada diputatuak, eskultura horiek inauguratu ditu maiatzaren 1aren, Lanaren Nazioarteko Egunaren, aurreko egunean.

Laespadak eskultura honen "indar sinbolikoa" azpimarratu du, "emakume horiek itsasadarrean egiten zuten lan oso gogorraren oroigarri moduan, laguntza bakar moduan izanda soka bat, zirga bat... eta haien indar fisikoa", lan "oso gogorra, nekagarria eginda, idiak baino merkeagoak zirelako".

Horrez gain, Bilboko Udalaren eta Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzaren lankidetza eskertu ditu eskultura-multzoa kokatzeko. Emakumeen lau irudik osatzen dute, 2,5 metroko altuerakoak eta 70 zentimetroko zabalerakoak. Guztira, 9 metroko luzera hartzen dute.

Datari dagokionez, adierazi du ez dela kasualitatea maiatzaren 1aren aurreko egunean inauguratzea. «Zirgari hauek hemen horretarako ere egongo dira, emakume langileoi gogorarazteko, gizartea eraikitzen lagundu duen emakumeen lan ikusezina, oparotasuna ekarri duena, historia osoan horrenbeste familiari aurrera ateratzen lagundu diena» azpimarratu du.

Laespadak adierazi du emakume hauek «ausartak izan zirela eta estereotipoak hautsi zituztela» eta «gaur egun tiraka jarraitu behar dugun» zirgaren metafora direla, «berdintasuna ez baita aukera bat», ezpada «duintasunaren eta justizia sozialaren balio bat».

GENERO-ARRAKALA

«Gogoan izan behar da emakumeengan genero-arrakalak gaur egun oraindik pisua duela lan-merkatuko hainbat arlotan; hala nola, jarduera-tasa, lanaldi-mota eta ordainsaria. Hemen ere, Bizkaian, ISEAK Fundazioaren azken txostenaren arabera, lan egiteko adinean dauden emakumeen % 75 aktiboak dira, eta gizonen kasuan, % 81. Eta soldatari erreparatuz gero, Bizkaiko gizonek hilean emakumeek baino % 25 gehiago irabazten dute batez beste», azpimarratu du.

Era berean, gogorarazi du beharrezkoa dela printzipio feministak oinarri dituen gizarte berri baten aldeko apustua egiten jarraitzea, eta matxismoak emakumeengan dituen ondorioak kondenatu ditu, batez ere larrienak, urtero dozenaka emakume hiltzen baitituzte.

«Zirgari hauek gidatzen gaituzte, eramaten gaituzte, itsasontziak itsasadarretik eramaten zituzten moduan, berdintasunaren helbururantz, pandemia eta bidean ditugun oztopo ugariak gorabehera. Eta itsasadarraren alboan egoteak beti gogoraraziko digu hori. Egia da bide garrantzitsua egin dugula, ahalegin ikaragarria egin dugula. Baina oraindik bidea dago egiteko, bide luzea. Eta jarraitzen dugu. Zirgarien eskultura hau ahalduntzearen, askatasunaren eta berdintasunaren sinboloa da» azpimarratu du.