BILBO. Hiru eta hamairu urte bitarteko umeei bideratutako ehun kirol saio inguru eskainiko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri berri duen 'Egin kirola' online plataformaren bidez. Astero sei bideo berri argitaratuko dira, eta esteka honetan ikusi ahal izango dira.

Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak aurkeztu du proiektua, eta adierazi du `Bizkaiko Foru Aldundiak badakiela zein den haurren kirol-jardueraren arloan bizi den egoera; horregatik, gazteei kirola erraztu eta hurbildu nahi diela, jarduera fisikoa hainbat lekutatik egin ahal izan dezaten. Aldundiak hainbat kirol-modalitate ezagutu eta praktikatzeko aukera eman nahi die, eta Egin Kirola plataformaren bidez egingo du.´ Bilbaok gaineratu duenez, `egungo egoera nolakoa den ikusita, kirol-jarduera haur guztiei hurbildu nahi zaie, bai Eskola Kirolean parte hartzen dutenei bai oraindik ere horretara animatu ez direnei.´ Diputatuaren hitzetan, `kirola edozein unetan modu erraz, dibertigarri, entretenigarri eta askotarikoan egiteko aukera eman nahi zaie haurrei, kirol arloko profesionalek emandako saioen bidez.´

Foru Erakundeak zenbait bideo eskaintzen ditu, hainbat kirol modalitatetako eta hiru adin tartetarako entrenamendu saioekin: 3 eta 6 urte bitartekoak, 7 eta 10 urte bitartekoak eta 11 eta 13 urte bitartekoak. Astero bi saio argitaratuko dira adin-tarte bakoitzerako, eta, horrela, plataformak aukera emango du familian kirola modu dibertigarri eta osasungarrian egiteko.

Haurrek askotariko jarduera fisikoko saioak egin ahal izango dituzte: dantza, parkourra, pilates, yoga, herri kirolak, konba... eta askotariko jolasak, haurren interesa pizteko eta kirola egitera animatzeko.

Saio guztiak kirol arloko profesionalek emango dituzte, eta modu dibertigarrian, dinamikoan eta horietako bakoitzaren xede den adinerako modu egokian egingo dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak eskainiko dituen bideoez gain, webgune bereko atal batean, Bizkaiko kirol-federazioek saioak eta entrenamendu-baliabideak eskaini ahal izango dituzte, haurrek diziplina ezberdinak edozein unetan eta tokitan eskura izan ditzaten.