BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatutako Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak, Dema, Taldeka Digitala izeneko programaren edizio berri bat jarri du martxan. Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea. Programa honek ekintzaile izan nahi duten eta jarduera digitalekin zerikusia duten ideiak dituzten pertsonei laguntzeko helburua dauka.

Programa honetan parte hartzen duten ekintzaileen % 60k beharrezko tresnak jasotzen ditu negozioa martxan jartzeko, eta, azkenean, lanpostu propioa sortzen du.

Demak Taldeka Digitala foru programaren deialdi berria ireki du otsailaren 8tik aurrera. Ekimen horren helburua, ekintzaile profila eta negozio baten ideia propioa duten pertsonek esparru digitalean autoenplegua sortzea eta ekintzaile horiei laguntzea da, geroz eta globalizatuagoa den munduan enpresa bat sor dezaten.

Hauek dira programan parte hartzeko betekizunak:

  • Bizkaian bizitzea.
  • Langabezian egotea edo egungo lana hobetu nahi izatea edo ikaslea izatea.
  • Adin nagusikoa izatea.
  • Ez da beharrezkoa teknologiarekin lotutako prestakuntza izatea.

Foru programa horrek ekintzaileak lehenengo unetik identifikatuko ditu; horiek, era berean, jakin beharko dute azkar mugitu behar dutela ekintzailetza tradizionalarekin alderatuta handiagoa den eremu batean. Arriskuak zure gain hartzeko gaitasuna izateaz gain, iniziatiba eta bezeroenganako orientazioa badituzu eta informazioa aztertzeko eta merkatu digitala ulertzeko gaitasuna baldin baduzu, Taldeka Digitalak zure helburuak lortzen lagunduko dizu.

Honakoak ikasiko dituzu:

  • Zure 'startupa" martxan jartzeko ezinbesteko alderdiak identifikatzea.
  • Zure produktua kontzeptualizatzeko metodologia.
  • Zure proiektua defendatzeko tresnak erabiltzea.
  • Zure negozioa planifikatzea, garatzea eta handitzea.

Edizio berrian izena emateko epea otsailaren 8an hasiko da eta otsailaren 22an bukatuko da.

Taldeka Digitala martxoaren 1ean irekiko da modu ofizialean eta martxoaren 25ean bukatuko da. Azkenean programan parte hartuko duten pertsonek ikastaro batean parte hartuko dute astelehenetik ostegunera 10:00etatik 14:00etara. Prestakuntza saioak bukatzean, ekintzaileek proiektua defendatuko dute "Demo Day" delakoan; egun horretan, beraien negozio ideia defendatuko dute ekintzailetza digitaleko agenteen aurrean (enpresak, sustatzaileak, adituak, inbertsio funtsak, eta abar).

Dema Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren menpeko Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentzia da, eta bertako zuzendaria Teresa Laespada foru diputatua da.