BILBO. Apirilaren 12an irekiko ditu ateak profil digital berriak sustatzeko helburua duen 42 Urduliz programazio-campusak. Gaur goizean, Bizkaiko Ahaldun Nagusia den Unai Rementeriak eta Telefónica Euskadiko zuzendaria den Javier Benitok Urduliz Dorrean egiten ari diren obrak bisitatu dituzte.

42 Urduliz campusaren xedea profesionalak trebatzea da, bertan lan-merkatuak eskatzen dituen zeharkako gaitasun digitalak eskura ditzaten. Ekimenaren bereizgarrietako bat da guztiz berritzailea den pedagogia-eredu aitzindari batean oinarritzen dela, eta, gainera, adin guztietako pertsonek parte hartu dezakete, aldez aurreko eskarmenturik edo titulaziorik aurkeztu beharrik gabe. Bestalde, doakoa da eta 24 orduz egongo da irekita asteko zazpi egunetan.

«Ekimen guztiz desberdina da. 42 Urduliz Bizkaia aukera bikaina da Bizkaiarentzat. Hemen sartzeko, ez zaio inori aldez aurreko titulaziorik eskatuko. Hemen gogoa, pertseberantzia eta taldeka lan egiteko nahia behar dira. Hemen ez dago adinik, aukerak baino ez. Aukera digital paregabea. Lan-merkatuak profil digitalak behar ditu, mota horretako talentua behar du eta. Zibersegurtasuna, Big Data, adimen artifiziala, Blockchain, gauzen Internet€ Alor horiek guztiak daude 42Urduliz campusean», adierazi du Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak.

Bestalde, Javier Benitok nabarmendu duenez, "orain, inoiz baino gehiago, 42 Urduliz bezalako ekimenek zentzua hartzen dute, hemen, Bizkaian. Campus honetan, pertsonak eta gaitasun digitalak lotzen dira, eta berrikuntza, sormena eta teknologia uztartzen, etorkizuneko aukera profesionalak sortzeko". Telefónica Euskadiko zuzendariak adierazi du "trebetasun teknikoetatik haratago doan prestakuntza berritzaile eta iraultzaile bat dela". "42 Urduliz ekimena martxan jartzearekin batera, aurrerapauso bat eman dugu eta lan-merkatu aldakorraren beharrei erantzungo diegu, inor atzean geratu ez dadin" ondorioztatu du Javier Benitok.

Unai Rementeriak eta Javier Benitok azaldu dute dagoeneko 1.200 pertsonak baino gehiagok erakutsi dutela ekimenarekiko interesa, eta aurretiko izen-ematea egin dute 42 Urduliz campusean. Aurretiko izen-emateen hurrengo urratsa online egingo diren bi test gainditzea izango da, eta gainditzen dutenek azken frogan parte hartu ahal izango dute behin betiko leku bat lortzeko. Azken froga horrek, gogorragoa eta zorrotzagoa, "igerilekua" izena du, eta apirilaren 5ean hasiko da. Guztira, 26 egun beharko dira froga burutzeko, eta aldi horretan izangaiak, batez beste, 10-12 ordu egongo dira akademian, guztira, 13 proiektu diseinatzeko. Aldi horretan, 42 campusean egunero-egunero biziko dutenaren oso antzeko egoera bati egin beharko diote aurre, campusean lan egiteko dagoen filosofiari, eta, halaber, egokitzeko, ezustekoak maneiatzeko eta erronka berriak ebazteko modua bilatu beharko dute.

42 CAMPUSAREN METODOLOGIA ETA FILOSOFIA

Doakoa, presentziala eta 24/7 irekia den 42 ereduak arrakasta izan du nazioarteko 20 campus baino gehiagotan. 42 ereduak bere gain hartzen du zibersegurtasunean, Big Datan, adimen artifizialean, Blockchainean edo Gauzen Internetan, besteak beste, laneko aukerak eskaintzeko erronka. Metodo aitzindaria eta disruptiboa da, bikoitien arteko ikaskuntzan, gamifikazioan eta autoikaskuntzan oinarritua. Bada, emaitza arrakastatsuak izan ditu. Esate baterako, %100eko enplegagarritasuna lortu du hogei herrialde baino gehiagotan, eta batez beste zortzi lan eskaintza ikasle bakoitzeko programan egon diren aldian zehar.

42 GLOBALI BURUZ

Doako programazio irekiaren bidez pertsona guztiei, daukaten prestakuntza daukatela, hezkuntza eskaintzen dien lehenengo campusa dugu 42. Hemezortzi urtetik gorakoentzat dago eskuragarri eta arrakasta egiaztatua du. Campusaren hezkuntza-ereduak berdinen arteko ikasketa du oinarri: eredu parte-hartzailea du eta ez dago ez klaserik ez irakaslerik. Horri esker, ikasleek euren somena erabat ager dezakete, proiektuetan oinarritutako ikasketaren bidez. 42 ekimena 2013. urtean sortu zen Parisen, programatzaileen faltak teknologia informatikoaren industria kaltetu zuenean. Etorkizuneko profesional onenak, jatorria gorabehera, prestatzeko asmoz, 42 campusa nazioartean zabaltzen ari da. 42 Network 22 dagoeneko 22 herrialdetan dago eta 33 campus ditu. Hauek dira herrialdeak: Alemania, Armenia, Australia, Belgika, Brasil, Kanada, Hego Korea, Arabiar Emirerri Batuak, Espainia, Ameriketako Estatu Batuak, Finlandia, Frantzia, Italia, Japonia, Jordania, Malaysia, Maroko, Herbehereak, Portugal, Errusia, Suitza eta Thailandia".