BILBO. Galdakaoko metroaren 5. linearen eraikuntza-proiektua berreskuratu eta eguneratuko dute Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Euskal Autonomia Erkidegoak Europar Batasuneko Next Generation programan aurkeztuko dituen jarduketetan sartzeko.

Bi erakundeek dagoeneko zehaztutako eta onartutako ingurumen-baimena duen proiektu bat izateko aukera baliatu dute, metroaren handitze garrantzitsu horrek Europar Batasunaren finantzaketa izan dezan.

5. linea bultzatzeak ez du esan nahi 4. linea (Abando-Irala-Rekalde-Zorrotza) baztertu behar denik, une honetan informazio-azterketaren fasean baitago, bi erakundeek nabarmendu dutenez. Hala ere, Europako laguntzen programaren baldintzek eskatzen dute diruz lagundutako proiektuak berehala hastea eta, hala badagokio, 2026. urtea amaitu baino lehen amaitzea. Baldintza horiek guztiz bete ezinezkoak dira 4. lineari dagokionez, oraindik ez baitu eraikuntza-proiekturik, eta 5. lineak bai, ordea.

Hori dela eta, eguneratu egin da 2012ko trazadura-proposamena. "Aproposa da eskatutako funtzionaltasunaren eta zerbitzatu beharreko biztanleriaren ikuspegitik", ETSk, euskal trenbide-administratzaileak, darabilen azterketan jasotzen denez, eta konpromisoa hartu da, halaber, Euskal Trenbide Sareak berehala has ditzala beharrezko lanak tarte berri hori Busturialdetik eta Durangaldetik datorren Euskotrenen sarearekin lotzeko, horrela zerbitzua Bizkaiko ahalik eta pertsona eta herri gehienei emateko eta garraio publikoaren sarearen eta baliabide publikoen eraginkortasun handiena lortzeko. Proiektua Next Generation paketean sartuta dago, eta bat dator Europako suspertze-programaren helburuekin. Besteak beste, mugikortasun jasangarriko sistemak bultzatzea, emisio gutxiko trenbide-garraioa erabiltzea, errepideak deskonektatzea eta ibilgailu pribatua erabiltzeko pizgarriak galtzea dira helburuak.

5. lineak Etxebarriko geltokitik Galdakaoraino eta Usansoloko ospitaleraino dauden metro-sareak zabaltzen ditu, 6,6 kilometroko luzerarekin. Bertatik, Euskotrenen lehendik dagoen sarearekin konektatuko da, gainerako obrekin batera abian jarriko den fasean. Metroaren luzapen berri horrek Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren finantzaketa izango du, % 50ean, eta, Europako funtsen planean sartuz gero, lizitaziora atera daiteke 2021aren amaiera aldean edo 2022aren hasiera aldean, baliabideak noiz iristen diren.

ETSren eraikuntza-proiektua hiru zatitan banatuta dago, eta laugarren zati bat gehituko da bat: Busturialdeko eta Durangaldeko lineekiko konexioa. Lehenengoak 2.350 metroko luzera du. Matiko-Amara Euskotrenen linea aire zabalean desbideratuko du Etxebarriko geltokiaren ondoren. Horrela, bada, 3. linearen jarraipena izango da. Beraz, 5. linea, era berean, Euskotrenek hartuko du bere gain, baita horren eragiketa-gastuak ere. Metro batzuk aurrerago, Sarratuko (Basauri) geltoki intermodala eraikiko da, gainazalean baina estalita, Euskotrenen eta Metro Bilbaoren arteko trukerako terminal gisa planteatuta. Hortik aurrera, trazadura osoa lurpean iragango da.

Bigarren zatiak bi kilometroko luzera du eta Galdakao erdialdean amaitzen da, haitzulo-geltoki batekin —Metro Bilbaoren gisara—.

Galdakao erdialdeko geltokia gainditu ondoren, tartearen amaiera baldintzatuta dago bretelle bat (diagonal bikoitza) jartzeko behar besteko luzera izatera, maniobrak egiteko eta unitate bat estazionatuta eduki ahal izateko bidea aldatu ahal izateko. Horren guztiaren helburua da geltokiak behin-behineko linearen amaiera gisa funtzionatu ahal izatea.

Hirugarren zatia, bi kilometro pasatxokoa, tunel batean igarotzen da Galdakao-Usansoloko ospitaleko geltokitik pixka bat aurrerago, eta hura ere haitzulo-erakoa izango da.

Ospitaleko geltokiaren eta Durangotik Bermeora doan Euskotreneko linearen arteko konexioa, linea horren azken zatia, obrak hastearekin batera egingo da, eta berehala hasiko dira hura eraikitzeko lan tekniko guztiak.