BILBO. The Innovation in Politics Institute erakundeak urtero Vienan ematen dituen Innovation in Politics Awards 2020 sariketan finalista izango da Bizkaiko Foru Aldundia, orain dela hiru urte desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako berariazko lan-eskaintza publikoa egiteko hautaketa-prozesu berritzaileagatik.

Erakunde honek Europa osoko tokiko eta eskualdeko administrazio publikoek abian jarritako lanik berritzaileenak eta sortzaileenak saritzen ditu, beste batzuen inspirazio-iturri izan daitezkeenak. Aurtengo edizioan (laugarrena), Europako 398 erakundek parte hartu dute.

Bizkaiko Foru Aldundia hamar ekimen onenen artean hautatu dute, Komunitatea kategorian. Sari horien epaimahaia Europar Batasuneko 47 herrialdetako 1.000 pertsonak baino gehiagok osatzen dute. Pertsona horiek Europako biztanleen ordezkari dira nazionalitateari, sexuari eta adinari dagokienez, eta ausaz hautatu dira jasotako eskaera guztien artetik. Politika arloko berrikuntzari buruzko Europako sarien aurtengo irabazleak abenduaren 3an jakinaraziko dira Austriako hiriburuan.

AD HOC PROZESU BERRITZAILEA

Bizkaiko Foru Aldundia desgaitasun intelektuala duten pertsonei berariaz zuzendutako plazetarako deialdia egin zuen lehen euskal administrazioa izan zen 2017an. Urte horretako azaroan, foru erakundeak oposizio bat deitu zuen, zerbitzuetako langileen kategoriako bost plaza betetzeko (urgazle lanpostua), kolektibo horretako pertsonei soilik zuzenduta eta % 33ko edo hortik gorako maila aitortuta zutenak. Bertan, 216 hautagaik eman zuten izena, eta hautaketa-prozesu berritzaile bat gainditu behar izan zuten (ad hoc). Hori gauzatzeko, Foru Erakundeak ezaugarri horien hautaketa-prozesu bati egokitutako berariazko materialak eta testuak prestatu zituen. Prozesu horrek, une oro, pertsonen kolektibo horrekin lan egiten duten hirugarren sektoreko erakundeen laguntza jaso zuen. Erakunde horiek (APNABI-Autismo Bizkaia, Gaude, EAEko Down-en Sindromea Fundazioa eta Lantegi Batuak) pertsona horiei laguntzen jarraitu dute, haiekin elkarlanean, lan eskaintza publikoa gainditu ostean lanpostu berrietara behar bezala egokitu zitezen.

Aldundiaren hautaketa-prozesu berritzailea aurtengo otsailean saritu zuten, Toledon, Plena Inclusión erakundeak banatzen dituen sarietan (Enplegu Publikoaren eta Desgaitasun Intelektualaren Sariak´), zehazki, Hirugarren Sektorearekin Lankidetza kategorian.