BILBO. Koronabirusaren pandemiak eragin zuzena izan du sektore ia guztietan, baina batez ere turismoan. Mugikortasunaren arloan egindako murrizketak zifra benetan txarrak utzi dituzte azken hilabeteetan. Horren adibide Gaztelugatxeko Doniene da. Bizkaiko lekurik enblematiko eta esanguratsuenetariko bat izanda, % 80ko beherakada izan du uztaila, abuztua eta irailean, iazko epe berdinarekin alderatuta. Aurten 61.006 bisita jaso ditu, eta 2019an, aldiz, 322.813.

Abuztuan izan da jende gehien, 22.729 pertsona hurbildu baitira bertara. Uztailean 21.528 bisita izan ziren eta irailean 16.749. Uztailaren 24an (845 pertsona), uztailaren 17an (842), abuztuaren 10ean (840) eta irailaren 9an (837) jaso zituen turista gehien Gaztelugatxeko Donienek. Jende gutxien bildu den egunak uztailaren 31 (521 bisitari), irailaren 26a (578), irailaren 27a (613) eta abuztuaren 30a (640) izan dira.

Udako egoera bereziak direla eta, jende gutxiago hurbildu da leku horretara, eta aldaketa handiak eragin ditu bertara hurbildu diren pertsonen jatorriari dagokionez. Izan ere, atzerriko turismoa % 29,31koa zen iaz, eta % 4,4ra jaitsi da. Estatuko turismoa % 95,60koa da aurten, iaz % 70ekoa baitzen.

Frantzia eta Belgika dira atzerriko turista gehien biltzen dituzten herrialdeak, eta, Estatuko hainbat lekutatik Gaztelugatxera hurbildu zirenen artean, gehiengoa dira Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetatik etorritakoak (% 22,39), eta ondoren Madriletik etorritakoak (% 21,89) eta Bartzelonatik etorritakoak (% 11,15).