BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak ezagutzera eman ditu 2020an irailera arte zergen bidez lortutako zifrak. Guztira, urteko lehenengo bederatzi hilabete hauetan zerga itunduen bilketa metatua 5.043,4 milioi eurokoa izan da, 2019ko epe berean lortutakoa baino 1.091,5 milioi txikiagoa; hau da, % 17,8ko jaitsiera.

Lehenengo bederatzi hilabeteetan 2020ko ekitaldi osorako zerga-sarreren aurrekontuan sartutako guztizkoaren % 61,9 bildu da (8.141,1 m €).

ZUZENEKO ZERGAPETZEA

Zuzeneko zergapetze osoa 2.448,7 milioi eurokoa da, eta %16,8 jaitsi da 2019arekin alderatuta (-493,3 milioi euro).

PFEZ, oro har, %11,9 jaitsi da, eta kontzeptu nagusien artean, laneko atxikipenen (+29,8 M €) eta ondare-irabazien atxikipenen (+7,5 M €) igoera nabarmentzen da. Aitzitik, erorketak gertatu dira lanbide-, enpresa- eta arte-jardueren zatikako ordainketen bilketan (-20,8 M €), zati batean ordaintzeko agindutako salbuespenaren ondorioz, eta PFEZaren kuota diferentzialean (-220,5 M €), 2019ko PFEZren kanpaina irailaren 30era arte atzeratu izanaren ondorioz. Halaber, PFEZn behera egin dute sarien gaineko karga bereziaren bilketak (-44,5 M €) eta kapital higiezinaren atxikipenek (-4,3 M €).

Sozietateen gaineko Zerga, oro har, 506,8 milioi eurokoa da 2020ko aldi honetan, eta aurreko ekitaldian, berriz, 686,5 milioi eurokoa, batez ere higiezinen kapitalaren etekinen atxikipenen eta kuota diferentzialaren bilakaera negatiboaren ondorioz (irailera arte 397,3 milioi eurokoa izan da, eta 2019koarekin alderatuta %31,9 jaitsi da). Jaitsiera hori, besteak beste, Sozietateen gaioneko Zergaren aurkezpenaren epean onetsi zen atzerapenagatik gertatu da.

Ondarearen gaineko Zergaren kontzeptuan 1,5 milioi euro sartu dira, 2019ko 76,8 milioien aldean, tributu horren likidazioan irailaren 30era arte izandako atzerapenaren ondorioz; izan ere, 2019an ekainaren amaieran likidatu zen.

ZEHARKAKO ZERGAPETZEA

Zeharkako zergen bilketa 2.320,4 milioi eurokoa da, eta %16,6 jaitsi da 2019ko datuekin alderatuta (-463,5 M €).

Irailean, BEZaren barne doikuntzen eta doikuntza berezien lehen bi epeak zenbatu dira, eta Bizkaiak 565,3 milioi euro ordaindu dizkie Arabari eta Gipuzkoari.

Kudeaketa propioko BEZa %17,3 jaitsi da (-374 M €), eta zerga berezien artean, hidrokarburoena %13,2 jaitsi da (-93,2 M €), tabako gaiena %0,5 jaitsi da (-0,5 M €) eta elektrizitatearena % 12,8 jaitsi da (-3 M €).

Tasak eta bestelako diru-sarrerak 29,3 milioi eurokoak dira, 2019ko epe berean baino 20,7 milioi gutxiago.

KUDEAKETA PROPIOA ETA ESTATUAREKIKO DOIKUNTZAK

Kudeaketa propioko zerga itunduak, guztira, 4.798,4 milioi eurokoak dira, eta %16,9 jaitsi dira 2019ko aldi berarekin alderatuta.

Irailera arte BEZagatiko eta zerga bereziengatiko bi doikuntza egin dira Estatuarekin. BEZaren doikuntzen emaitza 392 milioi eurokoa izan da Bizkaiaren alde, eta berezietan 147 milioi euro ordaindu dizkio Bizkaiak Estatuari, 2019an baino 41,6 milioi gehiago.