BILBO. Koronabirusaren pandemia Estatura heldu zen lehen asteetan, Bizkaiko Foru Aldundiak neurri batzuk hartu zituen lurraldeko enpresa eta profesionalen likidezia indartzeko. Orain, hilabete batzuk pasa eta gero, neurri berriak hartu ditu Aldundiak.

Horretarako hirugarren hiruhilekoari dagokion PFEZaren ordainketa zatikatua ordaintzetik salbuetsi ditu langile autonomoak eta enpresa txikienean kasuan aurreratu egin ditu Sozietateen gaineko Zergaren itzulketak, eta bihartik aurrera egingo dira.

PFEZ-REN ZATIKAKO ORDAINKETATIK SALBUESTEA

Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoek ez dute 2020ko hirugarren hiruhilekoari dagokion PFEZaren ordainketa zatikatua autolikidatu eta ordaindu beharrik izango. Neurri horrek 35.000 langile autonomori egiten die mesede zuzenean eta salbuespen horri heltzeko ez dute inolako izapiderik egin behar, ezta Ogasunari jakinarazi ere. Zatikako ordainketa egitea erabakitzen duten zergadunek ohiko epeetan eta moduan ordaindu beharko dute.

PFEZren zatikako ordainketen salbuespena urteko lehen eta bigarren hiruhilekoetarako onartu zen, eta orain arte Ogasunean sartu gabeko 19 milioi euroko kostu fiskala eragin dute. Apirilean 18.000 zergadun inguruk saihestu zuten ordainketa, 10,6 milioi euro guztira, eta uztailean 15.000 pertsona inguruk, 8,4 milioi euroko munta guztira.

SOZIETATEEN GAINEKO ZERGAREN ITZULKETA AURRERATZEA

Zergen itzulketak ahal den guztia aurreratzeko neurriaren ildotik Foru Ogasunak 11 milioi euro ordainduko dizkie irailaren 30ean Bizkaiko 901 mikroenpresa eta enpresa txiki eta ertaini, Sozietateen gaineko Zergaren autolikidazioak itzuli beharreko emaitzarekin aurkeztu dituzten guztiei.

Horrela ETE eta mikroenpresa horiek itzulketa bat izango dute, abenduan edo hurrengo urteko lehen hilabeteetan gauzatzen ohi dena.

ERRENTA ETA ONDAREKO DIRU-SARRERAK

Ogasunak itzulketak aurreratu dituen bezala, zergadunek likidezia errazteko egin beharreko ordainketa batzuk ere atzeratu ditu. Hori da sartu beharreko emaitza duten Errenta eta Ondareko autolikidazioen kasua; horiek ekainean sartu ohi dira eta aurten atzeratu egin da errenta-kanpaina amaitu arte. Horrela, urriaren 1etik aurrera, Bizkaiko Foru Ogasunak ordaindu beharreko emaitza duten aurkeztutako aitorpenak kobratuko ditu. Zergadunak ordainketa zatikatua egitea erabaki badu, zenbateko osoaren %60 ingresatuko du eta gainerako %40a azaroaren 30ean sartuko du.