Inguruko beste herrietan gertatutakoaz jabetuta, Lekeitiok neurri zorrotzak hartuko ditu datozen San Antolinetako jardunaldietarako. Jairik ez da aurtengoan ospatuko. Jakina zen irailaren 1etik 8rako ekitaldi ia guztiak bertan behera lagako zituztela, baina Antzar Egunean izan litekeen jendetza saihestea izango dute helburu. Nahiz eta Udalak gaur bertan emango duen aditzera espreski zer neurri hartuko dituen, zenbait xehetasunen berri jakin da. Besteak beste, Antzar Jokua ospatu behar zeneko irailaren 5ean Lekeitio errepidez itxiko dutela, kontrolak zorroztuz. Bizilagunek, herrian bigarren etxebizitza dutenek, udalerrira lanera doazenek edota hotelen baten ostatu hartu dutenek izan lezakete Lekeitiorako sarbidea. Koronabirusaren kutsatze-arriskuak saihestea dute jomuga nagusi.

Koronabirusaren bigarren olatuak zeharo aldatu du panorama Euskadin. Baita Lekeition ere, Gernika-Lumon azkenaldian gertatutakoa erreferentzia izanda. Izan ere Udalak behar bezalako neurriak hartuko dituela aurreratu du. Segurtasun neurriak areagotzeaz gain, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren kontrolak biderkatuz, azkenaldian zenbait bilera izan dituzte udal arduradunek ostalariekin. Ostalaritza-establezimenduek eta txokoek hartu beharreko neurriak izan dituzte hizpide. Osasun arauak betetzeaz gain -itxiera ordutegiak, segurtasun distantziak eta hidrogelak erabiltzeko iradokizunak tarteko- , kontuz ibiltzeko deia luzatu dute. Irailaren 5ean ezin izango da errepidez Lekeitiora sartu, salbuespenak ezezik, ezta Bizkaibusen zerbitzua bertan behera geratuko da. Jardunaldirik arriskutsuena irailaren 5eko Antzar Eguna da, ezbairik gabe.

Badaezpada, Lekeitioko Udala osatzen duten alderdiek -EAJ eta EH Bildu- adierazpen bateratua kaleratu berri dute. Adostutakoaren arabera, "jaien gainetik, denon osasuna" dagoela azalarazi dute, "arduraz jokatzea" erregutuz. Mezua argigarria da: "Kontuan hartu aurten ez dugula jairik ospatzen; ez ditzagun jaia egitera edo jende pilaketak egotera bultzatu ahal dituzten ekintza edo jarrerak izan, bereziki Bajada egunean eta Antzar Egunean". Arduratsu jokateko deialdiaz egiteaz gain, inguruko beste herri batzuetan bizi direnei "gure herrira festa egitera ez etortzeko" eskatu diete. Azkenik, "konfidantza osoa" erakutsi dute herritarrengan, "beste behin ere elkar zainduko" dugularen esperoan, "zentzuz jokatuko dugula, orain artean ein dugun bezala". "Ez diezaiogun utzi birusari gure herrian sakabanatzen eta kontrolatu ezin den egoera batera heltzen".