BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak martxan jarri egin du berriro 'Euskara Eskura Txartela' ekimena. Programa honi esker 7.191 bizkaitarrek euskara ikasteko laguntzak jaso ahal izan dituzte azkenengo lau urteetan zehar. Aldundiarekin batera, HABE eta Bizkaiko euskaltegi-sareak dihardute ekimen honetan.

Deskontua egiteko bonu bat da, eta eskuratzen dutenek 2020-2021 ikasturteko matrikula egitean erabil dezakete, programari atxiki zaizkion euskaltegietan eta autoikaskuntzarako zentro homologatuetan. Bizkaian erroldatutako pertsonentzat izango da, baldin eta egiaztatzen badute A1, A2, B1 eta/edo B2 mailak gainditu dituztela 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 30era bitartean.

Zirkulazioan jarritako bonuak izendunak eta besterenezinak izango dira, eta 4 kategoriatan sailkatuko dira:

  • A1 mota: deskontu-bonurako eskubidea emango die maila hori gainditzen dutenei, baldin eta ekimenean parte hartzen badute; gehienez, 150 eurokoa izango da bonua.
  • A2 mota: deskontu-bonurako eskubidea emango die maila hori gainditzen dutenei, baldin eta ekimenean parte hartzen badute; gehienez, 200 eurokoa izango da bonua.
  • B1 mota: deskontu-bonurako eskubidea emango die maila hori gainditzen dutenei, baldin eta ekimenean parte hartzen badute; gehienez, 300 eurokoa izango da bonua.
  • B2 mota: deskontu-bonurako eskubidea emango die maila hori gainditzen dutenei, baldin eta ekimenean parte hartzen badute; gehienez, 400 eurokoa izango da bonua.

«Euskara Eskura Txartela» bonu guztiak dira metagarriak, hau da, ikasle batek, maila bat baino gehiago gainditu eta egiaztatu badu hitzarmen honetan ezarririko epeetan, eskubidea izango du lorturiko bonu bakoitzari eman dakiokeen zenbatekoen batura jasotzeko deskontu modura. Dena dela, ezingo du gainditu dagokion matrikularen zenbatekoa (alegia, ez da onartuko gainfinantzaketarik).

EET bonuen kanpaina hau bakarrik aplikatuko zaie ikasleei matrikula egiten badute 2020-2021 ikasturtean programari atxikitako euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentroetan, eta, edozelan ere, urriaren 16a baino lehen egin beharko dute matrikula. Barnetegi iraunkorretakoek, berriz, azaroaren 4a baino lehen. Beraz, deskontu-bonua jaso arren, ez badute egiten 2020-2021 ikasturteko matrikularik epeon barruan, ez dute eskubiderik izango dagokien zenbatekoaren likidazioa egiteko.

Bizkaiko Foru Aldundiak beren-beregi gaitutako web-orri baten bitartez parte hartuko dute ikasleek programan. Dagokionean egingo da web-orriaren publizitatea eta emango zaie haren berri bai HABEri eta bai programan parte hartzen duten euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei.

Behin 2020-2021 ikasturteko matrikularako «Euskara Eskura Txartela» bonuak aurkezturik, Bizkaiko Foru Aldundiak berak tramitatuko ditu deskontuen ordainketak kasuan-kasuan dagokion euskaltegiarekin edo autoikaskuntzarako zentro homologatuarekin.

Uztailaren 29tik abuztuaren 7ra egongo da zabalik «Euskara Eskura Txartela» programan izena emateko epea. Bizkaiko Foru Aldundiaren web-orrian tramitatu behar dira eskabideak, esteka honetan.

Proiektua abian jartzeko, 400.000 euroko aurrekontu-partida bat onartu du Aldundiak, konpromisoa hartua baitu euskara ikasteko ahalegina egiten duten pertsonei lagunduko dieten neurriak hartzeko eta, horrela, pertsona horiek animatzeko euskara ikasten jarrai dezaten harik eta ezaguera-maila nahikoa duten arte euskaraz hitz egiteko nahi duten guztietan.