LAUDIO. Uda honetan bertan hasita eta 2021eko udaberrira arte, Laudioko Udalak Iñarrondo, Mostatxa eta Pagolar mendietako hainbat hektarea birpopulatzeko lanak egingo ditu. Zehazki 51,21 hektarea birpopulatuko dira Iñarrondon, eta 0,51 Mostatxan eta Pagolarren. Guztira 212.622, 37 euroko aurrekontua bideratuko du Udalak lan hauek aurrera eraman ahal izateko.

Orain dela gutxi moztu diren mendiak dira, aurretik intsinis pinua ekoizteko landaketak izan dituztenak. Arabako Mendiei buruzko Foru Arauak ezartzen du 2 urteko epean birpopulatu behar dela, mozketa egin eta gero. Birsortzeko ebaketa jarraitua da mendi baxuetan, eta unada osatzen duten oin guztiak erabat eta behin ateratzean datza, hegaldi erregular bat sortzeko.

Joseba Amondo Landa Inguruneko zinegotziak azaldu duenez, "Lanak lurra behar bezala prestatzeko dira, aurreko zura moztetik landare-hondarrak kenduz, barruko pistak konponduz, landatu beharreko eremuak inguratuz aziendaren eta fauna basatiaren aurrean babesteko eta landaketa eginez". Barietate hostotsuak sartuko dira, hala nola gaztainondoak, haritzak eta mikorrizatutako arteak, 14,50 hektareako azaleran, eta koniferoak, hala nola zedroak, kriptomeriak eta itsas pinuak, gainerakoetan. "Lanek 212.622,37 euroko inbertsio handia dute, eta datozen asteetan hasi eta 2021eko udaberrian amaituko dira", adierazi du zinegotziak.

MENDIEN ANTOLAMENDURAKO PLANAREKIKO KONPROMISOA

Esku-hartze honen bidez, udalerriko Mendiak Antolatzeko Planean eta Baso Kudeaketa Iraunkorreko Planean planteatutako helburuei erantzun nahi zaie, eta, aldi berean, onura ekologikoak lortu nahi dira baso-habitata berreskuratzeko, lurzoruen higadurari aurrea hartzeko eta paisaia lehengoratzeko. "Horrela, ibarbideak hostozabalekin lehengoratuko dira, eta ez dute baso-esku-hartze jarraitu eta oldarkorrik beharko, intsinis pinuarekin gertatzen zen bezala, horrek dakarren ingurumen-hobekuntzarekin", amaitu du Joseba Amondok.