BILBO. Gaurtik aurrera, hilak 18, jarduera lehengoratuko da Bizkaiko 23 garbiguneetan. Koronabirusak eragindako egoeraren ondorioz, bakarrik bederatzi garbigune nagusiak iraun zuten irekita, baina gaurtik aurrera guzti-guztiak irekiko dituzte berriro ateak astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:25etara eta 15:30etatik 18:00etara.

Koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz ezarritako murrizketak direla eta, martxoaren 17an 9 Garbigune nagusiak (Barakaldo, Basauri, Durango, Erandio, Gernika-Lumo, Getxo, Gueñes, Igorre eta Markina) baino ez dira martxan mantendu, gremioek obretako eskonbroak eta hondakinak bertan uzten jarraitu ahal izateko. Aldi horretan zerbitzuak erakutsi du bere bederatzi instalazio operatibo horiekin bakarrik jarduera mantentzen zuten sektoreen beharrizanei erantzuteko gai dela, baina alarma-egoerak ezarritako murrizketak malgutzeak aukera ematen du une honetan herritarren eskariari erantzuteko eta instalazio horiek berriro irekitzeko; hori erabiltzaileen eta bertan lan egiten duten langileen osasuna bermatzeko beharrezkoak diren segurtasun-neurri guztiak aplikatuta burutuko da.

Hasiera batean, Garbiguneen sarea astelehenetik ostiralera egongo da martxan, baina ekainaren erdialderako aurreikusita dago asteburuetan ere berriro zabaltzea (Garbigune nagusiek larunbatetan eta igandeetan funtzionatzen dute; gainerakoek larunbatetan soilik).

GARBIGUNE MUGIKORRAK

Beste alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiak, Garbiker sozietate publikoaren bidez, berriz ere martxan jarri du Garbigune mugikorren zerbitzua, eta Bizkaiko udalerrietan barrena ibiliko dira berriro, birziklatzea sustatzeko eta birziklatzearen ohitura hori herritarrengana hurbiltzeko.

2018ko azaroan martxan jarri zenetik 2019ko urriaren amaierara arte, zerbitzu hori gure lurraldeko 85 herritatik igaro da, eta 20.000 erabilera baino gehiago jaso ditu.

Erabilera maila horrek erakusten du ekimenak harrera ona izan duela herritarren artean, zerbitzuaren lehen hilabete horietan Garbigune mugikorretan, besteak beste, 683 kilo pila, 1.644 etxetresna elektriko txiki, 1.240 telefono mugikor, 6.931 CD, 1.080 tinta-kartutxo, 5.505 erradiografia, 1.344 pintura eta disolbatzaile pote eta 4.327 kafe-kapsula metaliko eta plastikozko beste 669 kapsula batu direlako.

Garbigune mugikorren erabilera-maila handia izan denez, eta udalek eta mankomunitateek herritarren eskaerak helarazi dizkietenez esperientzia errepikatzeko edo unitate iraunkor bat izateko, Garbiker foru-sozietate publikoak eta Aldundiak zerbitzu hori datozen hilabeteetan zabaltzea erabaki dute. Horrela, Garbigune mugikorren itzulera irailera arte gauzatuko da, gaur egunera arte zerbitzua ematen zen maiztasun berarekin (udalerri bakoitzean astegun bat), baina urritik aurrera udalerri bakoitzean maiztasuna eta egonaldia handituko dira. Orain arte ekimenarekin bat egin duten herrien kopuruak ere gora egin dezake. Zerbitzua handitzeko 200.000 eurotik gorako inbertsioa osatu eta lau Garbigune mugikor berri erosi ahal izango dira.

Garbigune mugikorrek oso balorazio positiboa jaso dute orain arte instalatu diren herrietako udalen aldetik, Garbikerrek udalen artean egindako inkestaren arabera; izan ere, 3,73 puntuko nota eman diote zerbitzu horri, 5etik.

Garbikerrek egindako galdeketan lau alderdiri buruz galdetu zitzaien tokiko erakundeei: foru-sozietate publiko horrekiko koordinazioa eta jasotako informazioa; zerbitzuaren maiztasuna eta iraupena; komunikazioa eta aurkezpena, eta zerbitzuaren erabilgarritasuna. Gai horietatik,

Garbikerrekiko koordinazioa eta jasotako informazioa (5etik 4,09 puntu) eta zerbitzuaren erabilgarritasuna (4,10 puntu) baloratu dira ondoen. Zerbitzuaren komunikazioa eta aurkezpena egokitzat jo dira (3,67 puntu), baina udal gehienek zerbitzuaren maiztasun eta iraupen handiagoa eskatzen zuten, eta alderdi hori hobetu egingo da urritik aurrera, ezarri den luzapen horrekin.