ERMUA. Atzo, martxoak 31, Debabarrena ESIko Zuzendaritzak ezaguarazi zuen herritarren ongizaterako eta arreta onena jasotzeko xede bakarrarekin, Osakidetzak Debabarrenako osasun-zentroen berrantolaketa egin duela, koronabirusari ahalik eta hoberen aurre egin ahal izateko.

Aldaketa eta berrantolaketa horien harira, nabarmendu behar da martxoaren 30etik aurrera Debabarrena ESIko Lehen Mailako Arreta guztia lau instalaziotan zentratzen dela: Eibar, Torrekua (Eibar Ospitalea), Elgoibar eta Deba.

Ermuko, Eibarko eta Mallabiko bizilagunentzat, dituzten beharren arabera, honakoak dira erreferentziazko zentroak:

  • Arnas sintomarik ez duten gaixoen arretarako: Eibarko anbulatorioa (Toribio Etxebarria, 29) 08:00etatik 17:00etara.
  • Arnas sintomak dituzten gaixoen arretarako: Torrekua - Eibarko Ospitalea (Otaola 6-8) 08:00etatik 17:00etara.

Mendaron, Soraluzen eta Elgoibarren bizi direnentzat, Elgoibar izango da erreferentziazko zentroa, arnas gaixotasunak izan edo ez; Debako, Mutrikuko eta Itziarko bizilagunek, aldiz, Debara jo beharko dute.

Nolanahi ere, arretak orientazio ez-presentziala izaten jarraituko du, osasun-zentroetara joateko beharra minimizatzeko. Hori horrela, call center bat prestatu da, herritarrei arreta eman ahal izateko beren osasun-zentroko ohiko telefonora deituz (Ermua: 943 03 26 30), eta, aldi berean, beren patologiaren arabera egokiena den osasun-baliabidera joateko aholkatu eta zuzendu zaie.

Telefono bidezko zerbitzu horrek 08:00etatik 00:00etara emango du arreta asteko zazpi egunetan.

SEGURTASUN HANDIAGOA HERRITARRENTZAT

Arnas patologiak dituzten pazienteen arreta berrantolatu du Osakidetzak erreferentziazko osasun-zentroetan, bi helburu nagusirekin: batetik, arnas sintomekin zerikusia duen guztia zentro zehatzetan zentralizatzeko, paziente horiek artatzeko prest egon daitezen; eta, bestetik, herritarrei segurtasun handiagoa emateko, zentro horietan zirkuitu zehatzak baitituzte arnas sintomak dituzten pertsonek beste guztiak kutsatzea saihesteko.