bilbo - Ibilaldiaren 41. edizioa Elorrioko Txintxirri Ikastolak antolatuko du maiatzaren 31n, Hel horri! lelopean. Aurtengoan, urtero lez, euskara eta Euskal Herriari, elkartasunari, berdintasunari, kalitatezko hezkuntza berritzaileari edota auzolanari helduko zaiela helarazi nahi du aipatutako goiburuak, Elorrio eta elorria abiapuntu moduan hartuta. Gauzak horrela, hirugarren aldiz iritsiko da Elorriora hiru hilabete barru Ibilaldia; beste biak, 1999an eta 2006an izan ziren, hurrenez hurren.

Txintxirri Ikastolak 1968ko urtarrilaren 12an zabaldu zituen ateak, Euskal Herriko euskalgintzaren loraldiaren baitan eta diktaduraren aurkako askatasun haizeek zuten bultzadaren eskutik. 52 urte beranduago, Elorriotik eta Euskal Herritik mundura zubiak eraiki-tzen jarraitzen duen horretan, hiru helburu ditu aurtengo Ibililaldirako: Ikastolaren hezkuntza eredua herriratzea, erronka berriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea eta herriko eragile eta taldeekin harremanak sendotzea.

Atzoko egunean aurtengo edizioaren nondik norakoak aztertzeaz gainera, kantu berria aurkeztu zen. Leloaren izen berbera dauka, eta errepikan mezu argia uzten du: "Nik zuri, zuk hari, denok batera, hel horri!, herriz herri, Euskal Herri!, Ibilaldira etorri!". Abestiaren letra Itsaso Basauri, Haritz Luzar eta Iraitz Erkiagak idatzi dute, eta grabazioan, Mockers, Sugoi, Puro Txile edota Oxabi taldeetako musikariekin hartu dute parte.

Azkenik, kanta hori sareetan zabaltzeko bideoklip bat argitaratu zen atzo baita ere, jomuga argi batekin: gauzak egiteko gogoa helaraztea. "Horrexegatik egin da bideoklip hau: umeak, gazteak, irakasleak, gurasoak, ikasle ohiak, urrunagokoak ere? Ikastolen mugimenduaren parte sentitzen direlako eta #helhorri esateaz bat, ideia izateari utzi eta errealitate bihurtu nahi izan dutelako", azaldu zuten antolatzaileek. - U. G.