BILBO. Gurutze Gorriak egiten duen lana ordainezina da. Bertan, milaka boluntariok euren denbora eta esfortzua eskaintzen dute erabat doan besteen ongizaterako. Gaur egun Gurutze Gorriak 5.137 boluntario ditu Euskadin eta 2.884 Bizkaian.

Boluntarioen profilari dagokionez, aipatzekoa da EAEn genero-parekidetasuna dagoela: % 50,2 emakumeak dira eta % 49,8 gizonak. Bataz besteko adina 41 urte da, eta ekiteko arlo nagusia Gizarteko Esku-hartze arloa da; atzetik daude Sorospenak eta Larrialdiak eta Gurutze Gorria Gazteria. Estatu mailan, Gurutze Gorriak 200.000 boluntario baino gehiago ditu; pertsona horiek duten onena ematen dute gehien behar dutenei laguntzeko, trukean ezer espero izan gabe.

#VoluntariadoATuMedida

Etengabeko eraldaketa digitalean bizi den gizarte honetan, teknologiek abantaila asko dakartzate komunikatzeko modu azkar, zuzen, eraginkor eta garden berriak sortzeko. Gurutze Gorria Estatu osoan boluntario gehien dituen erakundea da, eta beste urrats bat ematea erabaki du iraultza teknologikora egokitu eta berrikuntza eta teknologia pertsona zaurgarrienen alde erabiltzeko.

Horretarako, Gurutze Gorriak #VoluntariadoATuMedida aplikazioa sortu du mugikorrerako, boluntario gisa aritzea errazagoa, azkarragoa eta malguagoa izan dadin, aplikazioak eskaintzen dituen informazioaren kudeaketaren eta geolokalizazioaren bidez. Helburua da boluntariotza zure denbora eta interesetara egokitzea, aukera izan dezazun zure inguruko milaka jardueratan laguntzeko, baita etxetik bertatik ere.

#GraciasVoluntariado

Gurutze Gorriko boluntariotza ekintza soziala baino askoz gehiago da: gizartearekiko konpromiso humanitarioa da; pertsona zaurgarrienekiko eta mundu osoko mugimendu solidariorik handienaren baloreekiko konpromisoa.

Hau da Gurutze Gorrian boluntario izatea:

· behar den tokian eta unean laguntzea hori gehien behar duten pertsonei, trukean ezer espero gabe.

· pertsonak babestea eta haien funtsezko eskubideak errespetatzen direla ziurtatzea.

· benetako eragina izatea pertsonen bizitzetan eta gizartean; izan ere, laguntzeak dena aldatzen du.

· ordain pertsonala; izan ere, aukera ematen du pertsonen bizitza hobetu eta mundua toki hobe bat bihurtzeko.