Gernika-Lumo - Azokaz haratago, Urriko Azken Astelehenak baditu hainbat gozagarri. Euskal nekazal sektoreko produktu onenak eskura-tzeaz gain eta giro ederraz gozatzeaz gain, Gernika-Lumok baditu gaurkoan hainbat ekitaldi. Postuak 9:00etan irekiko dira, baina ordutik aurrera martxan jarriko da programa. Besteak beste, azokako gazta erdi onenaren enkantea da nabarmenetakoa. Errekorra 7.700 eurotan ezarria dago, 2010ean Derioko Taskas jatetxeak ezarri zuena.

Jose Antonio Bastegietako Marko izango da enkantearen gidari. Eta bere esanetan, “badira Gernika-Lumora etorriko diren hainbat eskaintzaile”. Hala ere, kortezubitarra “lehiatzaileen poltsikoak bero-tzen saiatuko” da, errekorraren bila. Iragan den urtean Xaibor diskofestak 5.607 euro xahutu zituen “Gernika-Lumoko urregorria” bere egitearren. Arabako Galarretako Azkarra gaztandegiak irabazi zuen lehiaketa. Giroa berotzeko, bertsolariak izango dira 12:00etatik aurrera Merkurio iturriaren inguruan jarritako eszenatokian. Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Onintza Enbeita arituko dira. Sari banaketari 13:30ean ekingo zaio eta arratseko 17:00etan zesta-punta partidak izango dira Jai Alai frontoian. - I. F.