Basauri - Martxan daude dagoeneko Basauriko udalekuak. Atzo hasi ziren, eta Basauriko Udalak eskabide guztiak onartu eta gero, 1.068 umek hartuko dute parte udaleku hauetan. Zentzu honetan, aurreko zazpi urteetan egin duen moduan, aurtengoan ere Basauriko Udalak ez ditu plazak zozketatu. Gainera, “hala nahi izan duten haurrek aukera izan dute bi txandetan izena emateko”, diote Udaletxetik.

2005-2015 bitartean jaiotako ume basauriarrentzat dira aurtengo udalekuak, eta txanda bi izango dituzte: lehenengoa, “uztailaren 5etik 15era bitartekoa; eta bigarrena, uztailaren 18tik 29ra (uztailaren 25a jaieguna da)”. Uztailean zehar ospatuko diren udaleku hauek hiru modalitate desberdin dituzte; alde batetik, egun osoko udalekuak, astelehenetik ostiralera eta 9.00etatik 17.00etara egingo direnak, bazkaria barne.

Beste aldetik, egun erdiko udalekuak, aste osoan zehar ere, baina bazkaririk gabe (9.30etatik 13.30etara) eta azkenik, kirol-udalekuak, astelehenetik ostiralera, 9.00etatik bostetara eta bazkaria barne dituztenak ere. Udalekuetako jarduerak ikastetxe desberdinetan izango dira, instalazio desberdinak aprobetxatzeko.

Aurten ere, aurreikusitako jarduerez gain, ibilaldi ba-tzuk antolatu dira uztailean zehar. Zentzu honetan, urte batzuk daramatzate udalekuen ohiko egitarautik kanpoko zenbait jarduera antolatzen, batez ere eguneko irteerak hurbileko tokietara.

Jarduera desberdinak Beti bezala, euskara sustatzeko helburuarekin, baita umeen arteko bizikidetza eta parte-hartze ohiturak ere bultza-tzeko jartzen dira martxan udalekuak, beste helburu batzuen artean. Adin desberdinetako ikasleak daude udalekuetan, horregatik, “dagokion adinera moldatutako jarduerak egingo dituzte”, azaldu dute.

Beste jarduera batzuen artean, jolas libreak egongo dira, baita zuzendutako jolasak ere. Hauen artean, “an-tzezpenak, motrizitateari lotutakoak, mahai-jolasak, jolas kooperatiboak, kirol-jolasak, kulturartekotasunaren alorrekoak, jolas tradizionalak, gymkhanak...”.