bilbao -Zein da gehien kontsultatzen den euskarazko webgunea? Egun askotan 4.000 bisita inguru dituen Euskarazko Wikipedia. Izen bereko atarian jakina da beste hizkuntza batzuetako artikuluak aurkitu daitezkeela, eta euskara, mundu mailan dauden hizkuntza guztien artean, 29. dago artikulu kopuruan. 2017an sailkapenean bi postu beherago zegoen horretan, Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak komunitate bat eratzeko jomugarekin akordio bat sinatu zuten. Atzo goizean azken bi urteotan emandako urratsen analisia egin zuten proiektuaren gidari diren aldeek Bizkaia Aretoan.

“Behar beharrezkoa iruditzen zitzaigun eskegita zeuden artikuluen kopurua ugaltzea eta bestetik horien kalitatea indartzea edo hobetzea”, azaldu zuen Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. Bilatzen zuten hori emaitzetan argi eta garbi geratu da. Denbora tarte horretan, 800 artikulu hutsetik sortu eta 1.200 hobetu dira, eta 12-16 urteko ikasleentzat beharrezkoak kontsideratzen diren 1.900 artikuluen zerrenda egin dira; zerrenda hori ia erabat osatuta dago, 216 artikulu geratzen direlako soilik egiteke. Gainera, kopuru xume horietatik harago egoera zeharo aldatu egin da, kalitate nahikoa duten 954 artikulutara heltzea erdietsi delako. Hobekuntza horrek 30 milioi bisitari erakarri ditu azkeneko urtean.

Prozesu honen protagonistak, proiektuari hauspoa eman dioten 2.500 ikasleak izan dira. Horietako 2.000 UPV-EHUkoak dira. “Gaur egun, unibertsitateko askotan jada txertatuta dago Wikipediako artikulu bat egitea kurrikulumaren baitan, eta hori egonkortzen bada, ikasleek zerbait egiten ikastearekin batera, gizarteari zerbait funtsen diote”, adierazi zuen Galder Gonzalezek, Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen kideak. 2017-2018 ikasturtean 42 ikasgaitan txertatu zen metodo hau, eta 18-19an 60 ikasgaira salto egin da. “Irakaskun-tza Kooperatibo eta dinamikoaren eredutzat hartzen du unibertsitateak eta “enkaje” perfektua dauka”, aitortu zuen Jon Zarate UPV/EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordeak, modu honetan, proiektua probetxugarria izaten ari dela erakutsiz. Hezkuntzari eutsita, 2018ko udaberrian euskal wikilariek haur txikienentzat zuzendutako Txikipedia sortu zuten. Eta Wikipediarekin gertatu bezala, gunea, arrakastatsua izan da: 1.900 artikulu argitaratu dira jada.

Laburbilduz, proiektu honek komunitate bat sortzea du helburu. Hezkuntza eta Wikipedia ba-tzen dituen komunitatea, euskaratik eta euskaraz egina.