BILBO.Turespañak eta Vueling-k Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu dituzten bileretan parte hartuko dute, aireko konektagarritasunerako bazkide gisa. Lehenengo topaketa gaur bertan izango da Pariseko Palais Tokio delakoan. Rotterdamen, berriz, Floating Pabilionen izango da bigarren hitzorduaren egoitza ostegunean, ekainaren 13an.

Bi workshop horietan, Bilboko eta Bizkaiko zortzi enpresa egongo dira, eta haien helburu nagusia da honako alor hauetan jardutea: datozen turistak, ostatuak eta turismo-zerbitzuak lantzea eragile turistikoekin, touroperadoreekin, MICE sektoreko profesionalekin (meetings, incentives, conferences and events), lokalekin, eta prentsa berezitu zein orokorrarekin. Topaketetan, Bilbao-Bizkaia aurkeztuko zaie bertaratzen direnei, eta euskal produktu gastronomikoen dastatzea egingo da.

Ekitaldi profesional horien bitartez, Bilbao-Bizkaiaren xedea da negozio-aukerak sortzea tokiko enpresa-sektorearekin eta turismo-eskaintza ikusaraztea komunikabide berezitu eta orokorretan, bai eta harremanak ugaritzea Frantziako eta Herbehereetako merkatuarekin.

LEHENTASUNA DUTEN ATZERRIKO MERKATUAK

2018. urtean, guztira, Frantziako 62.969 turista etorri ziren Bilbo bisitatzera, hau da, hiribildura etorri ziren bisitari guztien % 14. Hala, Frantzia izan zen nazioartean bisitari gehien igorri zituen herrialdea. Hori dela eta, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustapen-ekintzak egiten jarraitzen dute herrialde horretan.

Herbehereei dagokionez, etorri diren bidaiarien kopurua nabarmen hazi da azken hiru urteetan, % 19, hain zuzen ere. Iaz, Herbehereetako merkatua % 5era iritsi zen Bilbora etorri ziren bidaiari atzerritarren sarrera guztien kopuruan, eta 22.715 bisitari izan ziren hemen.