BILBO. Bilbao izan programako bisita gidatuak maiatzean bueltatuko dira. Bisitak Masustegi (maiatza), Olabeaga (ekaina), Basurtu (uztaila) eta Zorrotza (iraila) auzoetara izango dira. Plaza erreserbatzeko beharrezkoa da 94 401 00 10 telefono zenbakira deitzea, astelehenetik, apirilaren 29tik, aurrera.

Berrikuntza gisa, hilabete bakoitzeko igande batean, 4 urtetik gorako seme-alabak dituzten familiei zuzendutako bisitak eskainiko dira. Horrez gain, lau auzo horiekin erlazionatutako bitxikeriei, pertsonaia garrantzitsuei edo gertakizunei buruzko minutu bat inguruko iraupena duten 40 bideo zabalduko dituen “Txio Ta Txio” ekimenarekin jarraituko da.

Hasteko, maiatzaren 7tik ekainaren 1era, oinezko ibilbidea proposatuko da Masustegi auzotik, Aita Donostia plazatik (Basurtu) abiatuta, auzoaren azken urteetako historia, bitxikeriak eta ondarea ezagutzeko.

Tokiko ondarearen hedapenerako bisita gidatu horiek 2005ean jarri ziren martxan, eta pixkanaka talde kopurua handituz joan da, izan duten harrera bikainari esker. Horrela, aurten bereziki familiei zuzendutako egun bat gehituko da, auzoaren idiosinkrasia, historia eta garapena erakusteko, baina modu dinamikoagoan eta partaideagoan, pisten, jolasen eta ipuinen bitartez. Umeentzat zabalik egongo den “Ezagutu Masustegi familian” izeneko lehenengo bisita maiatzaren 19an izango da, ordutegi bitan, 10:30ean eta 12:30ean, eta topalekua Masustegiko San Gabriel Goiaingeruaren eliza izango da.

Masustegi, Bilboko azken auzoa ezizenez ezagutzen dena, jatorrian baserri gutxi batzuk zituen landa ingurunea zen, Arraiz mendiaren hegaletan. 50eko eta 60ko hamarkadetan Bilbok ezagutu zuen industrializazioaren ondoren, gune hark zuen irudi pintoresko malkartsuaren lekua, ezaugarri berezi bat zuten eraikinek bete zuten: guztiak ere, bertan bizi behar ziren familiek altxatu zituzten. Horrela sortu zen Masustegiko auzo autoeraikia. Izkina bakoitzak, hainbat lekutatik etorri eta euren esfortzuarekin eta aurrera egiteko borondatearekin, Bilbon leku bat aurkitzea lortu zuten langileen historiak kontatzen dizkigu.

Biztanleen arteko lankidetza, elkartasun eta adore eredu, gaur egun asfaltatuta dauden kaleetatik ibiltzeak auzoak jaso dituen eraldaketak gertutik ezagutzeko aukera emango digu. Borrokez, baina batez ere lorpenez, egingo dugu berba; Arraiz mendiaren tontorretik Masustegi zaintzen duen gotorleku zaharraz; teilatuen eta gaueko lanaren garrantziaz; masustez, astoez eta garbitokiez. Eta bertako biztanleen pertseberantziari eta lanari esker auzo bat eraiki zen moduari buruz egingo dugu berba.

Bisitak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, astearteetan eta asteazkenetan 10:00etan, 16:00etan eta 18.00etan; ostegunetan eta ostiraletan 10:00etan eta 17:00etan (ostiral arratsaldeetan euskaraz) eta larunbatetan 10:00etan eta 12:00etan, datorren ekainaren 1era arte. Bisita euskaraz egin nahi duten taldeek eguna eta ordua adostu ahal izango dute. Topalekua Aita Donostia plaza (Basurtu) izango da, eta ordubete eta erdi inguruko iraupena izango du. Plazak mugatuak direnez ?gehienez ere, 30 pertsona talde bakoitzeko?, beharrezkoa izango da aurretik erreserba egitea.

Familiari zuzendutako bisita espezifikoari dagokionez, elebiduna izango da, maiatzaren 19an, ordutegi bitan, 10:30ean eta 12:30ean, eta topalekua Masustegiko San Gabriel Goiaingeruaren elizaren kanpoaldea izango da, eta beharrezkoa izango da aurretik izena ematea. Bi kasuetan beharrezkoa izango da plaza erreserbatzea 94 401 00 10 / 010 telefono zenbakira deituz, ASTELEHENETIK, apirilaren 29tik, aurrera (astelehenetik igandera 08:00etatik 20:00etara).

BILBAO IZAN

Bilbao IZAN programa duela hamalau urte sortu zen, Bilboko biztanleei eta interesa duten guztiei, hiriaren historia, ondarea, eta gaur egun Hiria osatzen duten guneek denboran zehar izan duten bilakaera eta eraikuntza ezagutarazteko. Asmo horrekin zenbait ekimen gauzatu dira, horien artean, auzoetara egindako bisita gidatuak “Bilbo, hil bakoitzean auzo bat”, “Botxoko mendi-mazelak deskubritzen” eta “Hamabi begirada Bilbori” programen bitartez. Auzoetara egindako bisita gidatuen programari jarraipena emanez, Kultura eta Hezkuntza Sailak beste pauso bat eman zuen, bere arreta, ondarearen ikuspegitik bereziak diren Hiriko eraikinetan jarriz.

Bisitak egiten diren lekuekin erlazionatutako bitxikeriei, pertsonaia garrantzitsuei edo gertakizunei buruzko minutu bat inguruko iraupeneko bideo laburrak zabalduko dituen “Txio Ta Txio” ekimena iaz jarri zen martxan. BILBAO IZANeko edo BILBAO KULTURAko sare sozialen bitartez zabaltzen dira, eta 2018an 293.000 erreprodukzio baino gehiago izan zituzten. Aurten, berriro ere, 40 bideo zabalduko dira, batzuk gaztelaniaz eta beste batzuk euskaraz, lau auzo horietako bakoitzeko istorioak, gertakizunak, datu bitxiak edo pertsonaia garrantzitsuak ezagutarazteko.

AGENDA:

Ondarearen hedapenerako Bilbao IZAN programa:

BISITA GIDATUAK

“Ezagutu MASUSTEGI oinez”

Maiatzaren 7tik ekainaren 1era.

Astearteetan eta asteazkenetan: 16:00etan eta 18:00etan

Ostegunetan eta ostiraletan: 10:00etan eta 17:00etan (ostiral arratsaldeetan euskaraz) Larunbatetan: 10:00 eta 12:00.

Topalekua: Aita Donostia Plaza (Basurtu).

BISITA GIDATUAK

“Ezagutu MASUSTEGI familian”

Maiatzaren 19an. 10:30ean eta 12:30ean. Elebiduna (euskaraz eta gaztelaniaz).

Topalekua: San Gabriel Goiaingeruaren elizaren kanpoaldea (Masustegi). Bilbobus, 58 zk.

Bisita guztiak doakoak izango dira. Erreserba zabalik bietarako apirilaren 29tik aurrera: 94 401 00 10 / 010 (astelehenetik igandera 08:00etatik 20:00etara).