Foru Aldundiko Sailek eta foru erakundeek ematen dituzten eta Udal Zerbitzuen Katalogoan jasota dauden 110 zerbitzuetatik 24 diru-laguntza eta/edo laguntza programak dira eta 86 laguntza teknikoa edo beste mota bateko zerbitzuaeskaintzeko programak dira. Katalogoa etengabe eguneratzen da eta dagoeneko eskuragarri dago foru webgunean. Honako hauen inguruko argibideak ditu: diru-laguntzak, laguntzak eta/edo zerbitzuak eskuratzeko baldintzak, ezarritako epeak, aurkeztu beharreko agiriak, laguntza eskariak eta izapidetze elektronikoa zuzenean eskuratzea.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Udal Zerbitzuen Katalogoan jasotzen dira foru erakundeak lurraldeko udalerriei eskaintzen dizkien zerbitzu, laguntza eta diru-laguntza guztiak, eta lehenengo aldiz formatu birtualean argitaratu da. Gainera katalogoa handitu egin da, eta eskainitako zerbitzuak ehun baino gehiago dira orain.

Bizkaiko Udalei eta horien menpeko erakundeei laguntzeko tresna da, horiek aldundiak eta foru erakundeek eskuragarri jartzen dizkieten zerbitzu espezifikoen berri izateko. Hala, gaur egun Udal Zerbitzuen Katalogoan toki erakundeei zuzendutako 110 programa daude jasota. Horietatik 24 diru-laguntza edo laguntza programak dira, eta gainerako 86ak nagusiki laguntza teknikoei, lurralde laguntzei eta aholkularitzari lotutako programak dira. Horietatik 49 Foru Aldundiko Sailek ematen dituzte eta gainerako 37ak toki erakundeek eskaintzen dituzte, besteak beste hauek: BiscayTIK, Beaz, BizkaiKOA, Azkue Fundazioa, Garbiker edo Basalan.

Katalogoaren lehenengo bertsioa PDF formatuan argitaratu zen eta sei hilean behin eguneratzen da, eta jada eskuragarri dago foru webgunean: www.bizkaia.eus/catalogoserviciosmunicipales ( euskaraz: www.bizkaia.eus/udalzerbitzukatalogoa ). Bertan etengabe eguneratzen den informazioa dago, eta besteen artean bertan jasotzen dira diru-laguntzak eta laguntzak jasotzeko baldintzak, laguntzak jasotzeko ezarritako epeak, aurkeztu beharreko dokumentazioa, argitalpen berriak edo epeak bukatzean abisuak jasotzeko mezuak, katalogoa PDF formatuan, laguntza teknikoak jasotzeko eskariak eta aukeratutako laguntza edo zerbitzu bakoitzerako izapidetze elektronikoa izateko zuzeneko sarbidea.

Bigarren fase honetan, aldundiaren webgunean etengabe eguneratuko den baliabide birtualaren bidez emango da katalogoak dakarren informazioa, egoitza elektronikoarekin, BiscayTIK plataformarekin eta udalerrientzako Udalnet foru atariarekin lotuta betiere, izapidetze elektronikoko prozesua abiarazi ahal izateko. Azken finean, Bizkaiko toki erakundeei arreta hobea, zerbitzua eta hurbiltasuna ematea ahalbidetuko du tresna horrek.

Bizkaiko tokiko erakundeentzat da katalogoa, zehazkiago udalentzat, mankomunitateentzat, udal partzuergoentzat, erakunde autonomiadunentzat, udal fundazioentzat eta tokiko enpresa publikoentzat, baita Behargintzarentzat eta tokiko garapenerako agentzientzat ere. Zerbitzu horietako batzuk espezifikoki txikiagoak diren udal eta toki erakundeentzat pentsatuta daude, giza baliabideak eta baliabide materialak mugatuagoak baitituzte.