Gernika-Lumo - Busturialdeko gazteek ekintzailetasuna barneratu dutela azaleratu zuten iragan den ostegunean, Urremendiko, Bermeoko eta Gernika-Lumoko gazteria zerbitzuek antolatutako enpresa ideien lehiaketaren bosgarren edizioan. Aurkeztutako 13 oriketuetatik, Irati Arrien Jauregi gernikarraren Gampling Busturialdea eta Ander Etxaniz de Miguel eta Borja Txertudi Gangoiti busturitarren Hondarbizi proiektuek jaso zuten saria. Arrienen kasuan, eta irabazle suertatuta, 3.000 euro poltsikoratu zituen. Etxaniz eta Txertudik, bestetik, 2.000 euroko txekea jaso zuten. Biek izango dute aukera Arratzuko Elkargunean bere txoko propioa izateko eta, modu horretan, euren enpresa-ekimenak garatu ahal izateko.
Jasangarritasuna du ardatz Arrienek plazaratutako proiektuak. Eskualdean kokatua, “turismo natural eta jasangarria sustatzeko ostatu alternatiboa proposatzen du” 22 urteko gernikar gazteak. Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntzan, azken urteotan internazionalizazio eta hezkuntza proiektuetan lanean aritu da mundu osoan, nahiz eta bertako zenbait ekimenetan ere parte hartu duen. Nazioarte mailan aritua, ideia bere ingurunera ekartzea otu zaio. Adierazi zuen moduan “eskualdearen aldaketan dudan erantzunkizunaren jabe naiz. Urdaibain garapenerako eta negozioetarako aukerak ikusten ditut”.
Urdaibaiko ikuspuntua ere badu Txertudi eta Etxanizek aurkeztutako ideiak. Ekologia eta jasangarritasuna uztartuz, hondakinen kudeaketa berritzeko proiektua aurkeztu zuten. Busturitarrek hala adierazita, “sortzen ditugun hondakinek suposatzen duten arazotik” garatu dute enpresa-ideia, “hauek kudeatu eta berrerabilpen egoki bat emateko. Busturialdean daukagun egoera aztertu ostean sor-tzen da ideia, merkatua hau garatzeko aukera ikusten dugu eta ingurumenarekin eta jasangarria den bizitzeko modu batekin konpromezua duen enpresa bat martxan jarri nahi dugu”.
“balorazio positiboa” Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Arratzu, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrieta batzen dituen Urremendi Landa Garapen Elkarteak eta Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria zerbitzuek balorazio oso positiboa egin zuten. Urtera urtera indartzen doan lehiaketa izanik -Bizkaiko Foru Aldundiaren Gaztedi Busturialde’ proiektuan kokatzen den Lana bilatzea, Lana da programaren barne-, ekintzailetasuna sustatzen duen ekimena sortu zenetik 74 proiektu aurkeztu dira, guztira. Ekintzailetza kultura hedatzeaz gain, “eskualdeko ekonomia sustatzea” ere ahalbidetu da. - I. Fradua