Síguenos en redes sociales:

"Orain krisia esaten da eta 1979an alkate nintzela, ez dakit zein izen izango zuen, baina ez zegoen dirurik"

Lea Artibai eta Busturialdeak itsasoa eta mendia batzen dituzte, baina natura baino askoz gehiago hartzen dute bere baitan. Bertako 75.000 biztanleen eguneroko jardunean tradizioa eta modernitatea batzen dira, bertako antzinako ohiturak eta etorkizun oparo baten aldeko apustua

ONDARROA. Udal hauteskundeen ostean hautatuak izan ziren zinegotziek euren akta hartu ez eta Udala egoera zailean geratu zenean, Felixek bere burua eskaini zuen laguntzeko. Antzeko zeozer egin zuen duela hogeita hamaika urte ere, lehen hauteskunde demokratikoak egitekotan zirenean EAJren alderdi buru moduan aurkeztuz.

Omenaldi sari honek ibilbide luze eta oparo baten aitorpena izan nahi du.

Poztasun handia ematen du, lehenengo eta behin DEIAk ematen duen saria delako, eta gero ibilbide bati ematea garrantzitsua delako, nire ustez. Benetan poztu egin nintzen esan zidatenean, norberak 70 urte dituenean oraindino garrantzi gehiago ematen zaiolako horri.

Erraza da hainbeste urtetan politikan izatea eta lehen lerroan gainera?

Ez da erraza izaten, aldaketa asko egoten direlako hain denbora luzean; hasi nintzenetik eta gaur egunera arte. Niretzat behintzat ez da erraza izan, oztopo asko aurkitu ditudalako, batez ere azken hiruzpalau urteetan. Noizean behin hegazkin edo itsasontzien moduan bidea aldatu beharra egoten da hasieratik markatuta zeneukan helmugara heltzeko; Helburua argi eduki behar da baina zailtasunen arabera batzutan bihurgune batzuk hartu behar izaten dira.

Zu erretiratuta egon zinen aurreko udal hauteskundeen ostean hautatuak izan zirenak euren akta hartzera joan ez zirenean...

Bai, orduan jubilatuta negoen, pentsionista nintzen zentzu guztietan. Inoiz eduki ditut bestelako kargu batzuk baina momentu horretan ez neukan bat ere, disfrutetan negoen jubilazioarekin. Dena dela, ez nuen eduki ezelako dudarik pauso bat aurrera emon eta nire burua eskaintzeko alderdiak behar zuen edozertarako. Ikusi nuen zer gertatuko zen eta ez nintzen geratu niri noiz deituko zain, eta neure burua eskaini nuen laguntzeko.

Eta presidente izendatu zintuzten...

Esku bat botatzeko eskaini nuen burua eta gero eskua, hanka... Ez nuen pentsatu horretarako aukeratuko nindutenik, baina ez zidan ardura izan. Iñigo Urkulluk esan zidan egoera zein zen eta konfiantza norbere gain jartzea eskertzekoa izan zen. Bagenekien zelako oztopoak jarriko zizkiguten baina horiek ez dira niretzat inoiz oztopo izan alderdi barruan egin behar diren gauzak egiteko. Kezka handiarekin baina ondo hartu nuen erantzukizuna.

Eta zer moduz joan da legegintzaldia?

Oso pozik gaude, bai ni eta talde guztia ere. Hauteskunde aurreko planifikazio eta helburu guztiak bete egin dira eta haiek baino gehiago ere aurrera eramateko gai izan gara. Alde horretatik oso pozik gaude. Gauza puntualak kenduta, ez dut uste inork ezer aurpegiratuko digunik.

Dena, ordea, ez da hain positiboa izan...

Gaitza izan da ibilbidea aurrera eramatea ikusita zelan sartu ginen Udalera. Beste egoera batzutan egotea gustatuko zitzaidan, baina holan suertatu zen eta ez zegoen gure esku beste ezer egiterik. Eta horren ondorioak ordaindu egin ditugu legegintzaldi osoan.

Berton bizi izanda, gainera, muturreko posizioetatik presio itzela bizi izan duzu. Autoa ere erre zizuten.

Deserosotasun batzuk bizi izan ditugu, baina hori normala da. Batez ere nire familiak egoera horiek bizi behar izatea da min gehien ematen didana, baina bagenekien horrelako zerbait gertatuko zela postua onartu nuenean. Dena dela, honek zentimetro erdirik ere ez du aldatu nire ibilbidea Udalean.

Kudeaketa Batzordea osatzen duten guztien lana garrantzitsua izan da Udalarentzat.

Duda barik. Ni agertzen naiz presidente moduan baina argi dagoena da eduki dugun taldea izan ez bagenu ez genituela egin ditugun gauzak egingo. Ni egunero egoten naiz udaletxean jendea hartzeko, eta baten batek egon behar du, baina gauza asko egin dira taldeari esker.

Azken urteotako lana ez ezik, gogoratu beharra dago Ondarroako alkate izan zinela 1979 eta 1987 artean.

Demokraziaren lehen bi legegintzaldietan alkate izan nintzen eta horrek asko balio izan dit oraingo eginkizunerako. Orain krisia denen ahotan dago eta orduan ez zen horrelakorik esaten; ez dakit zer izen edukiko zuen orduan, baina gauza da dirurik ez zegoela Kontzertu ekonomikoa martxan ipini arte. Egoera oraingoa baino gogorragoa zen; orain dirua zertan gastatu eztabaidatzen da baina orduan hori planteatu ere ez zen egiten, ez zegoelako dirurik ezer egiteko. Egoera biak izan dira gogorrak; hau egoera politikoagatik, ordukoa diruagatik. Jendea ere desberdina zen, atera kontuak lehen orain dabiltzanen gurasoekin ibili nintzen.