Irailaren 18an, ostirala, Mugikortasunaren Aste Europarraren (MAE26) barruan, Bizkaiko Erronka Aktiboaren laugarren edizioa ospatuko da. Oraingo honetan lurraldeko 26 udalek hartuko dute parte. Ekimenaren helburua da Bilboko erdigunean 55 urtetik gorako 1.800 pertsona batzea 12 orduz ariketa fisikoa egiten.
Parte-hartzaileek doan eman ahal izango dute izen webgunean eta txandak erreserbatu: gutxienez ordubeteko erreleboa oinez edo 30 minutukoa korrika nor bere erritmoan. Ibilbidea zirkularra izango da, Erripako kaian abiatu eta amaituko dena.
Bilboko Udalak eta SECOT (Asociación de voluntariado senior) elkarteak antolatu eta Vericat, Surne, Audiogroup eta Siwa Clinic erakundeen babesa duen proba irailaren 18an (ostirala), 08:00etan hasiko da, 2026ko Mugikortasunaren Aste Europarraren barruan aurreikusitako jardueren aldi berean, eta 20:00ak arte luzatuko da, horrela, 12 orduz etenik gabe ariketa fisikoa eginez.
Adierazpenak
Ekimen horren aurkezpenean, Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak ekimen hori gauzatzeko Bilbo hautatu izana eskertu du, "zahartze aktibo eta osasungarriaren esparruan erreferente gisa kokatzen baikaitu". "Bilbon, hiriaren barruan egunero egiten ditugun joan-etorri guztien % 65 oinez egiten ditugunak dira, eta horrek, hiriko mugikortasunean eragin positiboa izateaz gain, zuzenean eragiten du pertsonen osasunean", gogorarazi du.
Martín Fiz munduko eta Europako maratoi txapeldunak, aurreko edizioetan bezala, pisu handia du probaren enbaxadorea delako, eta nabarmendu nahi izan du "edozein adinetan kirola egitea garrantzitsua da, helburuak helburu".
Bestalde, Josu Ciudad antolakuntzako ordezkariak azaldu duenez, "harro nago guztion ahalegina eta talde-lana jasotzen duen proba bat gidatzeaz".
Gure lurraldeko hiru kolektibo oso garrantzitsu ere batu zaizkio ekimenari: Bizkaiko Medikuen Elkargoa, EHU eta Bilbao Talento Fundazioa, zeinek beren partaide-taldeak osatuko baitituzte.