Ostegun honetan goizean, Bilboko Udaleko osoko bilkurak behin-behinean onetsi du turismo-ostatuei eta etxebizitza kolektiboei dagokien Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa.

Bilboko Udaleko Osoko Bilkurak behin-behinean onetsi du Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPOa) aldaketa, turismo-ostatuen eta etxebizitza kolektiboen arloan.

Behin-behineko onespen honen ondoren, espedientea izapidetzen jarraituko da, ezarritako prozeduraren arabera, harik eta behin betiko onespena eman arte. Horretarako, dokumentua Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendurako Batzordeari bidaliko zaio, dagokion txostena eman dezan.

Garapen orekatua

Aldaketa hori hirigintza-tresna gisa planteatzen da, hiriaren garapen orekatua bermatzeko. Halaber, bizitegi-erabileraren babesa indartzea du helburu, eta etxebizitzak lehentasunez ohiko bizileku izatera bideratzea sustatzekoa. Era berean, bizitegi-modalitate berriei tokia ematea bilatzen da, eta ekipamendu komunitarioetan —hala nola ikasle-egoitzetan— gutxieneko bizigarritasun-baldintzak bermatzea.

Aldaketa 2025eko urtarrilean onetsi zuen Udaleko Osoko Bilkurak hasiera batean, eta urte bereko martxoaren 18ra arte egon zen jendaurrean. Epe horretan, herritarrek parte hartzeko lau saio egin ziren, mota horretako ostatuen presentzia handiena duten barrutietan: Basurtu-Zorrotza, Ibaiondo, Uribarri-Castaños eta Abando.

Jendaurrean jartzeko prozesuaren ondorioz, 16 alegazio jaso dira guztira, horietako hamaika ezarritako epearen barruan eta beste bost epez kanpo; azken horiek ere aztertu eta kontuan hartu dira. Guztietatik lau partzialki baietsi dira, eta gainerakoak ezetsi.

Onartutako alegazioen ondorioz, arau-testuaren egokitzapen puntualak eta argipen teknikoak egin dira zenbait gairi buruz: egoitza komunitarioen ekipamendu-lotura, horrelako alojamenduei aplikatu beharreko bizigarritasun-baldintzak, beheko solairuen erregulazioari buruzko zehaztapen jakin batzuk, eta alojamendu turistikoak ezartzeko salbuespen batzuen zehaztapena.

Hala ere, aldaketa horiek ez dituzte aldatzen hasierako onarpenean zehaztutako funtsezko printzipioak eta erregulazio-eredua.

Proposamenak

Proposamenak bizitegi-erabileraren, turismo-jardueraren eta jarduera ekonomikoaren arteko orekan oinarritutako eredu bat finkatzen du, eta etxebizitza eta bulego erabilerak indartzen ditu, hiriaren aniztasun funtzionala eta soziala babesteko funtsezko elementuak direlakoan.

Era berean, eremuen arabera bereizitako erregulazio-sistemari eusten zaio, eta murrizketa handiagoak ezartzen dira turismo-alojamenduen kontzentrazio handiagoa dagoen eremuetan.  Dokumentuak behin-behineko errealitatetzat jotzen ditu kontzentrazio handiko eremu horiek, eta, beraz, etorkizunean berrikusteko modukotzat hartzen ditu, mugaketa justifikatzen duten inguruabarrak aldatuko balira. Hala, behin-behinean onartutako bertsio honetan, erabilera turistikoko etxebizitzen eta logelen kontzentrazio handieneko eremuen mugaketa aldian-aldian berrikusteko eta modu erraz eta azkarrean eguneratzeko aukera ematen da.

Beraz, Udalak berretsi egiten du izapidearen hasieratik planteatutako estrategia, bizitegi-erabilera turismo-erabilerekin ordezteko prozesuak saihesteko eta auzoetako bizi-kalitatearekin bateragarria den ezarpen ordenatu bat bermatzeko.