Aurreko edizioetan bezala, harrera bikaina izan du amaitu berri den Adinekoentzako Osasun Programaren edizio berriak. Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo sailak Zahartze Osasuntsuaren jardueren barruan sustatutako programa honetan 1.870 pertsonak hartu dute parte.
Adinekoentzako osasun-tailerra egunotan amaituko da eta honako hauek lortzera bideratuta dago: bizimodu aktiboa izatea, sedentarismoa eta haren ondorioak prebenitzeko; ohitura osasungarriak sustatzea, bizi-kalitate hobea izateko; eta onura fisikoak (segurtasuna mugimenduetan eta norberaren autonomiari eustea), psikologikoak (komunikazioa erraztea talde-lanaren bidez) eta sozialak (harremanen zirkulua zabaltzea) izatea.
Udal-programa horrek 30 urtetik gorako ibilbidea du, eta erreferentziazko ekimen gisa finkatu da Bilboko adinekoen osasuna eta ongizatea sustatzeko.
Adierazpenak
Álvaro Pérez Osasun eta Kontsumo Saileko ordezkariak esan duenez, “ikastaroan zeharreko jarduera guztiak bizimodu aktiboa sustatzera eta ohitura osasuntsuak hartzera bideratuta daude. Horrez gain, sozializazioa bultzatzen da, adin-tarte bakoitzera egokitutako jarduera fisikoko klaseen bitartez; eta parte-hartzaileen arteko hartu-emanak sortzen dira“.
Ikasturte honetan, guztira 102 taldek, 13 begirale profesionalek zuzenduta, jarduera fisikoko saioak egin dituzte astean behin edo bitan, beren bizilekutik hurbil dauden 19 udaltegi eta kiroldegitan.
Programan 1.870 pertsonak parte hartu dute, 80,64 urteko batez besteko adinarekin eta emakumeen presentzia nabarmenarekin.
Jarduera fisikoko saioez gain, osasuna sustatzeko kanpainak eta ekintzak daude, kolektibo horrentzat interes berezia duten gaiei buruzkoak, hala nola erortzeen prebentzioari, autozaintzari eta lehen laguntzei buruzkoak. Era berean, adineko pertsonen sozializazioa eta ongizate emozionala sustatzeko jarduerak ere egiten dira topaketa eta ekitaldi ludikoen bidez.