Síguenos en redes sociales:

Bilboko Udal Musika Bandek udaberriko denboraldiari amaiera emango diote asteartean

Olaeta Ballet Elkartearen lankidetzarekin, musika eta dantza tradizionala uztartuko ditu emanaldiak Uriko bihotzean

Bilboko Udal Musika Bandek udaberriko denboraldiari amaiera emango diote astearteanB. U.

Datorren asteartean, ekainaren 23an, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Areatzako Kioskoak Bilboko Udal Musika Bandaren eta Bilboko Udal Txistulari bandaren udaberriko denboraldiaren azken kontzertua jasoko du. 'Gure folklorea' lelopean, bi bandek euskal musika eta dantza tradizionala bilduko dituen emanaldia eskainiko dute.

Beste behin ere, bi udal taldeek indarrak batuko dituzte euskal folklorearen aberastasuna eta aniztasuna aldarrikatuko dituen ikuskizun bateratua eskaintzeko. Iñaki Urkizu Kerejetaren zuzendaritzapean, gure musika tradizioko doinu adierazgarrienetako batzuetan barrena ibiliko da programa, besteak beste, San Juan Zortzikoa, Minueto, Lau urtearoak, Preludio de estío, Dantzari Dantza, Mendi-Mendiyan, Arin-Arinak eta Gaztelugatxeko Martxa obren bidez. Horrela, herri errepertorioa eta euskal kulturari lotutako egileen konposizioak uztartuko dituen proposamena izango da.

Kontzertuak, gainera, Olaeta Ballet Elkartearen lankidetza izango du. Víctor Olaetak 1989an sortutako irabazi-asmorik gabeko kultur elkarte honek dantzaren teknika sustatu, garatu eta hobetzea du helburu, bai ikuspegi folklorikotik bai klasikotik. Bere parte-hartzeak musika eta dantzaren arteko topaketa aberastuko duen dimentsio eszenikoa eskainiko du, denboraldiko azken hitzordua euskal tradizioen eta udal taldeek ondare kultural hori bizirik mantentzeko egiten duten lanaren ospakizun kolektibo bihurtuz.

Iñaki Urkizu Kerejeta

Bere herriko Udalaren Bandan hasi zen tronpeta jotzen, zortzi urterekin, familiaren tradizioari jarraituta. Handik Tolosako Udal Bandara pasatu zen eta han bakarlari jardun zen hamarkada batez. Donostiako Goi-mailako Kontserbatorioan egin zituen tronpeta-ikasketak Juan Manuel Gómez de Edeta irakaslearekin. Irakasle jardun da Beasain eta Tolosako musika-eskoletan, baita “Arrasate Musical”-en ere.

Instrumentista moduan Euskal Herriko talde askorekin elkarlanean aritu da. Horietako aipagarrienak hauexek: Bilboko Orkestra Sinfonikoa, “Arrasate Musical” Orkestra Sinfonikoa, Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioko Banda Sinfonikoa, Donostiako Talde Barrokoa, Lattor metalezkoen boskotea, Araba Brass Taldea eta Gasteiz Big Band; azken honetan, gainera, zuzendaria izan zen.

Bakarlari moduan egindako lana ere aipagarria da, Benantzi Bilbao eta Aitor Olea organistekin, eskainitako organoaren eta tronpetaren kontzertuetan.

Ibilbidea

Banden munduan oso ezaguna da moldaketak eta transkripzioak egiteagatik eta musika-banda askok jaso ohi dituzte bere lanak programetan. Laurogeiko hamarkadatik aurrerako euskal musikaren bilduma bat prestatu du eta horien lehen lau zenbakiak argitaratuta daude: “Jaialdia”, “Dantzaldia”, “Kantaldia” eta “Betikoskorri”. Azken lan hori izenak, adierazten duenez, Oskorri folk-talde ezagunaren omenez egina.

Bilboko Udal Musika Bandaren udaberriko denboraldiaren kartela.

Halaber, moldaketa asko musika-ikuskizunarentzat egin du, besteak beste, Serafín Zubirirentzat “Recordando a Nino Bravo” eta “El Baúl de los 70”.

Ertzaintzako Musika Bandako zuzendaria izan da 1998tik eta banda horretan tronpeta-jole bakarlari-plaza ere izan zuen. Bere batutapean CD bat grabatu da, Bergarako Orfeoiarekin batera, José Franco, Luis Aramburu, José Mª González Bastida eta Juan Arzamendiren lanekin. Bilboko udalaren musika Bandarekin ere zenbait CD grabatu ditu, bata Bilboko Koral Elkartearekin bere 125.urteurrenan “Kantuz Hari den Herria” izeneko musika-lana, bi abesbatza eta Bandarentzat berak idatzita, eta bestea Zarzuelari eskainita, Masa Coral del Ensanche, Miren Urbieta (sopranoa), Vicenç Esteve (tenorra) eta Fernando Latorrerekin (baritonoa).

Zuzendari gonbidatua izan da Euskal Herriko zenbait Bandetan, Barakaldoko udalaren Banda, Durangoko “Tavira” Musika Banda edo Gasteizko Udalaren Banda, besteak beste. SGAEko kidea eta 2017tik Bilboko Udalaren Musika bandaren zuzendariordea da.