Ostegun honetatik aurrera, ekainak 18, ikusgai egongo da Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbaon, Bilboko Udaleko Gizarte eta Kultura Garaikideko Zentroan, Glenda León artistaren Zuhaitz bat basoan erortzen da izeneko erakusketa, gaur goizean inauguratu dena. Aurkezpen-prentsaurrekoan Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak; Txomin Olabarri, Azkuna Zentroko zuzendari nagusiak; eta Glenda León artistak hartu dute parte.

Aurkezpenaren ondoren, erakusketan zehar ibilbide bat egin, Conversio, bere azken lanetako baten aktibazioa barne. Instalazio honek espiritualtasunaren dimentsio unibertsalari buruzko hausnarketa proposatzen du, desberdintasun erlijiosoetatik harago, gizakiak batzen dituena aldarrikatuz.

Bertan, bost performerrek, munduko erlijio nagusiei lotutako jantziak daramatzatela, koreografia sinkronizatu bat egingo dute, munduko musika elektronikoaren aitzindari Richie Hawtin disko-jartzaile eta ekoizlearen erritmoan. Mugimenduek aurrera egin ahala, jantziak desagertuko dira, eta, sinkronizazioaren ondorioz, estasi-egoerara iritsi, eta egoa disolbatu egingo da.

Pieza berriro aktibatuko da gaur, erakusketaren inaugurazioan (19:00), bihar, ostirala, 19:00etan eta larunbatean, ekainaren 20an (18:30 eta 19:30), Erakusketa Aretoan.

Diziplina anitzeko sortzailea, nazioartean ibilbiderik eta proiekziorik handiena duen artista hispanoamerikarretako bat da. Bere lana Parisko Centre Pompidou edo Houstongo Museum of Fine Arts bezalako bilduma garrantzitsuen parte da, eta Veneziako Biurtekoan Kubaren ordezkari izan da, lehen mailako nazioarteko beste aintzatespen eta testuinguru batzuen artean.

Diziplinarteko praktika aitzindaria garatzen du artean, instalazioa, irudia, musika eta baliabide berriak estetika minimalista eta kontzeptualetik artikulatuz. Bere lanak arrazionaltasunaren eta espiritualtasunaren, zientziaren eta pertzepzioaren arteko tentsioak aztertzen ditu, eta politika, ingurumen eta zentzumenezko gaiei heltzen die, sotiltasun formal handiko hizkuntza poetiko baten bidez.

Fernando Pérez, Glenda León eta Iván de la Nuezen zuzendaritza kuratorialaren pean, Zuhaitz bat basoan erortzen da bere obraren atzera begirako panoramiko gisa hedatzen da, partitura koreografiko gisa pentsatua, non proposamen bakoitzak esperientzia berezi eta ireki bat aktibatzen duen. Instalazioa, argazkia, bideoa eta soinuaren artean dabilen hizkuntza hibrido baten bidez,musikarekin, hitzarekin eta gorputzarekin etengabeko elkarrizketan, artistak pertzepzio-espazio bat eraikitzen du, non ikusgaia eta ikusezina, materiala eta espirituala gurutzatzen diren.

Hiru arlotan banatutako proiektua

Erakusketa, Volotearen lankidetzarekin antolatuta, lotuta dauden hiru arlotan banatzen da erakusketa-proiektua. Lehenengoa arlo politiko eta sozialean ardaztuta dago, eta, bertan, lanek bizitza garaikideko tentsioak aztertzen dituzte: polarizazio ideologikoa, botere-mekanismoak, zentsura, aurrerapenaren kontraesanak eta arlo kolektiboan zein intimoan dauden gatazka-dinamikak.

Bigarren arloak natura lantzen du sistema interkonektatu gisa, eta hainbat fenomeno lotzen dituzten patroi komunak azaleratzen ditu. Hurbilketa zientifiko eta, aldi berean, poetiko baten bidez, ingurunearekiko harreman kontzienteagoa eta sentsorialagoa sustatuko duen begirada bat proposatzen da. Tximeleta-efektua, Ikusezinari buruz eta Munduaren inguruak piezek zalantzan jartzen dituzte ikusten dugunaren eta ustez ikusten dugunaren arteko mugak

Hirugarren arloa espiritualtasunera bideratuta dago. Proposatzen duen ikuspegiak desberdintasun erlijiosoak gainditzen ditu, eta esentzia partekatu batean ardazten da. Conversio lanaren kasua da, artistaren pieza berrienetako bat. Performance/instalazio horrek aurrez jorratutako gai asko biltzen ditu, eta kultura, egoera eta mundu garaikidea ikusteko modu desberdinen arteko elkarrizketa sortzeko gai den hausnarketa-sistema bat eraikitzen du. 

Glenda Leónen obran barrena egindako ibilbide hau areto nagusitik harago doa, Atariko AZ Irratiaren espazioan, Jainkoarekin hizketan (2018) pieza proiektatuko baita. Era berean, erakusketa-aretoko foyer-aren pantailan, Etenaldia (2020) ikus-entzunezko lana egongo da ikusgai. 

'Zuhaitz bat basoan erortzen da' erakusketaren inaugurazioa. B. U.

Glenda Leónentzat entzuketa ez da ekintza fisiko bat soilik, kontzientzia-forma bat baizik. Horregatik, bere praktikan, soinua eta isiltasuna tresna bihurtzen ditu ikusezina, espirituala eta politikoa dena hautemateko.  “Zuhaitz bat basoan erortzen bada eta inor ez badago entzuteko”, errealitatearen eta pertzepzioaren arteko harremanari buruzko dilema filosofikoa da, eta esperientzia sentsorial hori islatzen du.   

Kanpoko eta barruko zarataz gainezka egon arren entzuteko gai ez den mundu baten aurrean, Glenda Leónek isiltasuna proposatzen du espazio aktibo gisa. Erronka horrek gorputzarekin eta ingurunearekin berriz konektatzera gonbidatzen du, inor ohartu gabe erortzen den zuhaitz hori egungo gizartearen eta gizabanakoen metafora bihurtuz. Hortik abiatuta, proiektu hau entzuketa berritu baten aldeko apustu bat da, horrek gaitasuna emango baitigu gertatzen denari zentzua emateko, ezkutuan dagoena agerian jartzeko eta pertzepzioa ezagutza-modu bihurtzeko.    

Zuhaitz bat basoan erortzen da Glenda Leónen bakarkako lehen erakusketa izango da Bilbon, baina ez da Azkuna Zentroan bere lana erakusten duen lehen aldia. 2019an, Nunca real / Siempre verdadero erakusketa kolektiboan parte hartu zuen, zeinak artearen eta literaturaren arteko sinbiosia landu zuen, 13 artistaren begiradaren bidez.