'Bilbo eskutan', 'Zoriona', '¡Que rule Marijaia!', 'Los retazos de Marijaia', 'En volandas' eta 'Un abrazo azul para Bilbao'. Horiek izango dira 2026ko Aste Nagusiko Kartel Lehiaketako sei lan finalistak. Bilboko Udalak ostegun honetan goizean, ekainaren 11n, eman ditu ezagutzera uriko jaien irudi ofizial bihurtzeko lehiatuko diren lanen izenak.

Hautatutako proposamenak beren sormenagatik eta Aste Nagusiaren berezko jai-giro parte-hartzailea transmititzeko duten gaitasunagatik nabarmendu dira. Izan ere, Aste Nagusia hiriko kultur eta gizarte-egutegiko ekitaldirik adierazgarrienetako bat da. Aurtengo edizioan guztira 276 lan aurkeztu dira, diseinu grafikoko profesionalek eta amateurrek eginak.

Hasierako hautaketa egiteko, honako hauek osatutako epaimahaia bildu da: Itziar Urtasun, Jai Batzorde Mistoko presidentea eta Berdintasun eta Jaietako zinegotzia; Asier Abaunza eta Eider Bilbao zinegotziak, Susana Alaguero Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteko presidentea, Laura Marchante kultura kudeatzailea, Bego Elexpe argazkilaria, Andoni Calvo kazetaria, Iraide Eguia Logoritmoko diseinatzailea eta Bilboko Konpartsen ordezkari bat. Gainera, aurtengo edizioan, epaimahaiak Borja Sanz Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko doktorearen aholkularitza ere izan du, Adimen Artifizialaren erabilerari dagokionez.

Itziar Urtasun, Aste Nagusiko sei kartel finalisten aurkezpenean. B. U.

Epaimahaiak hainbat irizpide hartu ditu kontuan, besteak beste, lanen kalitate artistikoa, proposamenen originaltasuna eta jaiak definitzen dituzten bizikidetza, aniztasun eta inklusio balioak irudikatzeko duten gaitasuna.

Bozketa-sistema mistoa

Herritarrek ekainaren 15etik 21era bitartean izango dute kartel irabazlea aukeratzeko aukera, bozketa-sistema misto baten bidez:

  • Online bozketa Bilboko Udalaren webgunearen bidez egin ahal izango da.
  • Aurrez aurreko bozketa Ibaiondoko Udaltegian egingo da, “La Bolsa” eraikinean (Pilota kalea, 10). Bertan kartel finalistak ikusgai egongo dira, eta astelehenetik ostiralera bozkatu ahal izango da, 08:30etik 14:00etara. Parte hartzeko, nortasuna egiaztatzen duen dokumenturen bat aurkeztu beharko da (NANa, gidabaimena edo antzekoa).

Ondoren, epaimahaia berriro bilduko da azken balorazioa egiteko.

Edizio honetan, herritarren botoek (online zein aurrez aurre emandakoek) % 35eko pisua izango dute bakoitzak; gainerako % 30a epaimahaiaren irizpideari dagokio.

Kartel irabazlea ekainaren 24an emango da ezagutzera, eta haren egileak 3.000 euroko diru-saria jasoko du. Hautatutako lana 2026ko Aste Nagusiaren irudi ofiziala izango da.