Iberdrolaren 125. urteurrenak eragina izango du trafikoan
Udalak herritarrei gomendatzen die joan-etorriak aurretiaz planifikatu ditzatela eta, ahal dela, garraio publikoa erabil dezatela
Datorren ostiralean, ekainaren 12an, Iberdrolak bere 125. urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dira Bilbon. Hori dela eta, Bilboko Udalak ezagutzera eman du mugikortasun-afekzioak egongo direla, batez ere Abandoibarran, Iberdrola Dorrearen inguruan eta sarbideetan.
Ospakizunetan parte hartuko duten milaka pertsonen segurtasuna bermatzeko asmoz, aparkalekuak okupatuko dira eta trafikoa etengo da, eta, beraz, ibilgailuen zirkulazioak nahiz oinezkoen mugimenduak kalteak jasango dituzte uriko zenbait lekutan.
Udalak herritarrei gomendatzen die joan-etorriak aurretiaz planifikatu ditzatela, kaltetutako eremuan ibilgailu pribatuen erabilera ahal den heinean ekidin dezatela eta garraio publikoa erabil dezatela ekitaldia egingo den eremura iristeko.
Afekzioak aparkalekuetan
Aparkalekuak aldi batez kenduko dira Abandoibarra etorbidean, Unibertsitate etorbidean —Salbe zubiaren ondoan—, Kale Nagusian (73. zenbakiaren parean), Mazarredo zumarkalean (Euskadi plazatik Recalde zumarkalera) eta Anselmo Clavé pasealekuan. Murrizketak ekainaren 16ra arte egongo dira indarrean. Kaltetutako eremuak behar bezala seinaleztatuko dira aurretiaz.
Trafiko-mozketak
Trafikoa egun osoan zehar mugatuko da, ordu-tarte desberdinetan. Hasteko, 00:00etatik 04:00etara bitartean, trafikoa moztuko da Abandoibarra etorbidean, Deustu eta Salbe zubietan, Ramón Rubial kalean eta Pedro Arrupe pasabidean.
Ondoren, 16:00etatik 23:59ra bitartean, zirkulazioa mugatuko Abandoibarra etorbidean —Leizaola Lehendakariaren kalearen eta Jesusen Bihotza plazaren artean—, baita Anselmo Clavé pasealekuan ere.
Nolanahi ere, afekzio nagusiak 20:00etatik 23:59ra gertatuko dira, orduantxe itxiko baitira Abandoibarra etorbide osoa, Unibertsitate etorbidea, Deustu eta Salbe zubiak —azken horretatik ezingo da oinez igaro—, Mazarredo zumarkalea (Recalde zumarkaletik), Euskadi plaza, Ramón Rubial kalea, Leizaola Lehendakariaren kalea eta Pedro Arrupe pasabidea.
Era berean, kaltetutako kaleetako garaje eta aparkalekuetan ezingo da sartu ez irten aldi batez, murrizketak indarrean dauden bitartean.
Bilbobus
Eremu horretatik igarotzen diren Bilbobusen linea batzuek ohiko ibilbidea aldatuko dute. Desbideratzeen, etenaldien eta geltoki-aldaketen berri emango da ohiko bideetatik (010, sare sozialak, informazio-panelak, aplikazioa, markesinak...).
Segurtasun-neurriak
Bilboko Udalak herritarrei gogorarazten die mozketen ordutegiak zein eremuak aldatzerik egongo dela, antolakuntza- eta segurtasun-beharrizanen arabera, bertaratzen den jendetza kontuan hartuta.
Udalak herritarren laguntza eta ulermena eskertzen ditu, aipatutako neurriek sor ditzaketen kalteen aurrean; halaber, gogorarazten die neurriok hartu direla urian egingo den ekitaldi jendetsu hori behar bezala gauzatzen dela bermatzeko asmoz.