Adikzioen prebentzioa indartzeko jardunaldia antolatu du Bilbok
Osasun eta Kontsumo Sailak bi jarduera egin ditu bilbotarrei laguntza- eta prebentzio-baliabideak ezagutzera emateko, eta informazio-liburuxkak banatu ditu
Astelehen honetan goizean, ekainaren 8an, Bilboko Udalak adikzioei aurre egiteko ekimen berri bat jarri du martxan, Osasun eta Kontsumo sailaren Adikzioen VI. Planaren bidez. Helburua herritarrei fenomeno horri buruzko informazioa, orientazioa eta aholkularitza ematea eta hirian dauden laguntza- eta akonpainamendu-baliabideak ezagutzera ematea da.
Álvaro Pérez Osasun eta Kontsumoko zinegotzia Emakumeen azaroaren 25eko plazan jarritako informazio-gunean izan da goizean. Gune horretan, adikzioen arloan lan egiten duten profesionalek eta erakundeek informazioa eta aholkularitza eman dizkiete bertaratu diren pertsonei.
Bisitan, Pérezek nabarmendu duenez, "prebentzioa adikzioei aurre egiteko tresna eraginkorrenetako bat da oraindik ere. Funtsezkoa da herritarrek eskura dituzten laguntza-baliabideak ezagutzea eta behar dutenean laguntza aurki dezaketela jakitea".
Ekimenari buruz
Ekimenean, adikzioen arloko elkarri laguntzeko taldeen Bilboko sareko kideek (osatze-prozesuan dauden pertsonek eta haien senideek osatzen dute sare hori) eta Hiesaren aurkako Herri Batzordeko eta T4 elkarteko profesionalek hartu dute parte. Horrez gain, Alubiz Bilbao elkarteak ere parte hartu du, Federación Española de Jugadores de Azar Rehabilitados (FEJAR) federazioak emandako azpiegitura lagatuta.
Erakundeen, profesionalen, elkarteen eta osatze-prozesuak bizi izan dituzten pertsonen arteko baterako lana ezinbestekoa da herritar guztien ongizatearekin konprometituago dagoen hiri osasungarri eta inklusiboago bat eraikitzeko", azaldu du zinegotziak.
Kanpainak 'Adikzioek kezkatzen zaituzte? Zurekin goaz bizimodu osasungarriago baterantz' informazio-liburuxka zabaltzeko ere balio izan du. Eskuorri hori Osasun eta Kontsumo Saileko Adikzioen Prebentzioko Negoziatuak prestatu du Bilbon dauden baliabide asistentzialak eta elkarri laguntzeko taldeak ezagutzera emateko. Liburuxkak farmazietan, udaltegietan, liburutegietan, gizarte-zerbitzuetan eta hiriko osasun mentaleko zentroetan egongo dira eskuragarri.
Eguneko programak arratsaldeko 18:00etan izango du azken ekitaldia, BBK Sasoiko Zentroan (Erronda kalea z/g), Irantzu González Llona psikiatrak emango duen "Adikzioa beste arazo batzuei erantzuteko” hitzaldiarekin. Hitzaldi horretan, adikzio-jokabideen jatorrian egon daitezkeen egoerak identifikatzearen eta horiei aurre egitearen garrantzia jorratuko da.
"Pertsonen osasunarekin eta ongizatearekin konprometituta dagoen hiri gisa aurrera egiten jarraitu nahi dugu, eta, horretarako, informazio erabilgarria zabaldu nahi dugu eta ikusgai jarri nahi dugu adikzio-prozesuak bizi dituztenei eta haien familiei laguntzen dieten baliabide espezializatuek eta erakundeek egiten duten lana", amaitu du Álvaro Pérezek.
Temas
Más en Bilbao
-
León Benavente y Ángel Stanich se suman al ciclo Sirimiri, que abrirá Ladilla Rusa
-
Últimas plazas para las colonias musicales y talleres corales de verano de Bilbao Musika
-
Bilbao pone el foco en las adicciones con una campaña y una jornada de sensibilización
-
Iberdrolaren 125. urteurrenak eragina izango du trafikoan