Síguenos en redes sociales:

Astelehenean hasiko dira Peñascal plaza berritzeko lanak

Auzokide Planaren esparruan lehenetsitako obrak dira eta lau hilabeteko egikaritze-epea dute

Astelehenean hasiko dira Peñascal plaza berritzeko lanakB. U.

Datorren astelehenean, ekainaren 8an, hasiko ditu Bilboko Udalak Iturrigorri auzoko Peñascal plaza berritzeko eta hobetzeko lanak. Horretarako, Udalak 357.665,18 euro inbertituko ditu. Obren helburua espazioa modernizatzea da.

Auzokide Planaren esparruan Bilboko auzoak etengabe hobetzeko prozesuaren barruan bultzatutako lanak dira. Eta, beraz, herritarrek eta gizarte-eragileek (kasu honetan, 7. barrutikoak) lehenetsitakoak.

Ardatz nagusia haurren jolasgune berri bat sortzea izango da, inguruko estetika eta paisaia hobetzearekin batera. Era berean, zuhaitz berriak landatuko dira plazaren konfort klimatikoa eta ingurumen-kalitatea hobetzeko.

Obrak

Aurreikusitako jarduketa nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira: haurrentzako gunea beste leku baten kokatzea eta handitzea, espazio erabilgarria optimizatzeko eta jolasteko gunea handitzeko; zoladura eta itxiturak berritzea; argiteria publikoa hobetzea, argi eraginkorragoak jarriz; drainatze-sistema berritzea; eta hiri-altzari eta egonleku berriak instalatzea.

Halaber, ezpondaren gaineko paisaia-jarduketa bat egitea aurreikusi da, kolore eta testura desberdinetako egitura metaliko mikrozulatuak instalatuz, espazioaren integrazio bisuala hobetzeko eta hiri-multzoaren irudi erakargarriagoa eta kohesionatuagoa eskaintzeko.

Peñascal plazako haurgunea berrituko du Bilboko Udalak.

Haurrentzako jolasgune berriak 150 metro koadro inguru izango ditu, eta jolas anitzeko elementu handi batez hornituta egongo da. Elementu horrek elkarri lotutako zazpi modulu izango ditu, bai eta zabuak, elementu birakariak eta adin eta edukiera desberdinetara egokitutako malguki-jolasak ere.

Gainera, egonleku berriak prestatuko dira bankuekin, besaulkiekin eta mahaiekin, bizikidetza eta atsedena errazteko; ariketa fisikoa eta jarduera bio-osasungarriak egiteko eremu espezifiko bat ere egokituko da.

Orain hasiko diren lan horiek lau hilabeteko epean amaituko direla kalkulatu da.