Bilboko Udalak argitaratu berri du, Mugikortasun eta Jasangarritasun sailaren bitartez, Intsektu polinizatzaileak sustatzeko egokiak diren landare-espezie autoktonoen udal-katalogoaren bigarren liburukia. Ekimen horrekin, Udalak bat egingo du Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira antolatutako Nazio Batuen Ingurumen Programaren kanpainarekin, #KlimarenAldeOrain lelopean.
Iaz sortu zen aipatutako gida, herritarrei hiri-biodibertsitatearen aldeko ekintza positiboak sustatzeko tresna praktikoa eskaintzeko xedearekin. Klima-aldaketak eta giza jardueraren presioak ekosistemen narriadura eragin dute; hala, arazo horri aurre egiteko asmoz, katalogoan zenbait konponbide erraz eta irisgarri proposatzen dira gure uriko ingurumen-oreka bultzatzeko, ekosistemen zerbitzuak sendotzeko eta biodibertsitatea hobetzeko.
Intsektu polinizatzaileak —esaterako, erleak, tximeletak eta erlastarrak— kontserbatzeko bereziki egokiak diren 25 landare-espezie autoktono baino gehiago jaso dira argitalpenean, intsektu horiek funtsezkoak baitira oreka ekologikorako eta elikagaien ekoizpenerako. Fitxa bakoitzean datu hauek jasotzen dira: landarearen ezaugarriak, zein intsektuk egiten dion bisita eta apaingarri moduan erabiltzeko gomendioak. Espezie horiei esker fauna polinizatzailearentzat erakargarriagoak eta erresilienteagoak diren berdeguneak sor daitezke lorategietan nahiz hiri-baratzeetan, bai eta etxeetako leiho, balkoi eta terrazetan ere.
Adierazpenak
Ekimen honen bitartez, Bilboko Udaleko Jasangarritasun Sailak "herritarrak animatzen ditu landare autoktonoak jarri ditzaten euren ohiko espazioetan, era horretan babesleku txikiak sortuko baitituzte polinizatzaileek hiri-ingurunean bizirik iraun dezaten", adierazi du Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak. "Loreak landatuz gure aletxoa jartzen dugu klima-aldaketaren aurka borrokatzeko, tokiko biodibertsitatea sendotzeko eta uriko ingurumen-osasuna hobetzeko", zehaztu du Abetek.
Katalogoaren bigarren liburukiaren argitalpenaz gain, Bilboko Ingurumen Estrategian beste zenbait jarduketa jaso dira, hala nola uriko azpiegitura berdea handitzea, klima-babeslekuak sortzea, hiri-nekazaritza ekologikoa sustatzea eta naturan oinarritutako irtenbideak bultzatzea.
Hizpide dugun gida formatu digitalean egongo da herritar guztientzat eskuragarri eta hauei banatuko zaie: udal-baratzeen erabiltzaileei, Eskola Agenda 2030 programan parte hartzen duten ikastetxeei eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak sustatutako ingurumen-hezkuntzako programetan parte hartzen dutenei.
Ekimen honen bitartez, berresten da Bilbok konpromiso irmoa duela ingurumena babesteko, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko eta nahi dugun uria eraikitzeko, berdeagoa nahiz jasangarriagoa izan dadin eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest egon dadin.