Aurreko edizioak izandako harrera paregabea kontuan hartuta, Bilbao Zerbitzuak erakundeak martxan jarri du Bilboko hilerriko urteko-kultura-programaren barruan antolatutako Film Laburren Lehiaketaren hirugarren edizioa, irailaren 18tik 20ra bitartean garatuko dena.

Azken edizioetan sortutako interesaren ondoren, lehiaketa atzera itzuli da, espazio berezi horren ahalmen zinematografikoa eta kultura-, ondare- eta arte-aberastasuna balioesten jarraitzeko. Gauzak horrela, hiru egunetan, talde parte-hartzaileek aukera izango dute espazio hori beste ikuspegi batetik ezagutzeko, hilerriko istorioarekin, sinboloekin eta memoriarekin lotutako ikus-entzunezko piezak filmatuz. Izan ere, hilerria "hiriaren isla eta memoriaz betetako espazioa da, sormenerako aukera ugari eskaintzen dituena", goraipatu du Álvaro Pérez Osasun eta Kontsumoko zinegotziak. Ildo horretan, gogorarazi behar da obrek errealitate hori eguneroko bizitzan txertatzen saiatu beharko dutela, ikuspegi estereotipatuetatik aldenduz eta oroitzapen eta ondare kolektiboko leku gisa aldarrikatuz.

Izen-emateak irailaren 17ra arte

Taldeek gehienez ere bost kide izango dituzte eta irailaren 17ko 12:00ak arte eman ahal izango dute izena. Era berean, gehienez ere hiru minutuko iraupeneko film laburrak aurkeztu beharko dira lehiaketa-egunetan; lehiaketa hastean antolatzaileek ezagutaraziko dituzten kokalekuak gehituz. Lanak euskaraz, gaztelaniaz edo hizkuntza bietan aurkeztu ahal izango dira, eta inguruneari buruzko begirada originala eta sortzailea eskaintzeko gaitasuna baloratuko da. Aurreko edizioetan bezala, lehiaketan lanen kalitate teknikoari eta proposamen narratiboari erreparatuko zaio.

Bilboko Hilerriko film laburren II. lehiaketaren kartela. B. U.

"Ekimen honek hilerria herritarrei ikuspegi berrietatik hurbiltzeko gure apustuari erantzuten dio. Izan ere, hizkuntza zinematografikoaren bidez, hilerriaz dugun pertzepzioa eraldatzea proposatzen dugu, kulturari, sorkuntzari eta hausnarketari irekitako leku gisa ere sendotuz", gehitu du zinegotziak

Sariak eta ikuskaldia

Aurreko edizioan bezala, aurten ere 1.000 euroko lehen saria eta 500 euroko bigarren saria izango ditu lehiaketak. Era berean, 18 urtetik beherako parte-hartzaileentzat, zuzendari gazte onenari akzesit bat emango zaio, eta beste bat herritarren boto gehien duen filmari. Bi sariak 200 eurokoak izango dira. Sariak ekitaldi publiko batean emango dira, hilerriko kaperan, ostiralean, urriaren 2an, 19:00etan. Horrela, ekitaldira hurbiltzen diren pertsonek aukera izango dute bertatik bertara botoa emateko.

Saritutako film laburrak Bilbao Zerbitzuen jabetzakoak izango dira, eta haren arte-bilduman sartuko dira. Saririk jaso ez duten lanak ere bildumara dohaintzan eman ahal izango dira.