Bilboko hainbat gaztek hartu dute parte Europako 'My MIL, My Rules' kanpainan
Ekimenak belaunaldi digitalaren paradoxei buruzko gogoeta planteatzen du
Belaunaldi digitalen artean alfabetatze mediatikoa eta informaziozkoa sustatzea ardatz duen Europa mailan egindako 'My MIL, My Rules' izeneko kanpainan hartu dute parte Bilboko zenbait gaztek.
Kanpaina hori gazteei eta gazteriaren arloko profesionalei dago zuzenduta, eta Europako EPIC-IDEA -Empowering Youth Participation for Inclusive and Plural Communitiesproiektuaren barruan garatzen da, zeinetan Bilbok parte hartzen baitu, Europako beste hiri batzuekin batera. Proiektuaren helburua gazteak eraldaketa- eta ahalduntze-prozesu batean inplikatzea da, eta, horretarako, Europar Batasunaren balioen inguruan sentsibilizatzeko, ekintza indibidualak eta kolektiboak sustatzeko, eta gazteak politika publikoak defendatzen eta egiten inplikatzeko egiten da lan.
Proiektu horren testuinguruan, Bilboko 52 gaztek parte hartu dute proiektuaren tokiko jardueretan, adibidez, gazteentzako eta gazteen esparruan lan egiten duten profesionalentzako prestakuntza- eta gaikuntza-jarduerak, eta gazteen partaidetzarako tresnei buruzko tailerrak, ikastetxeekin eta erakunde sozialekin lankidetzan.
Kanpaina
Kanpaina maiatzaren 17an jarri zen abian, Telekomunikazioen eta Informazio Gizartearen Munduko Egunaren aitzakian. Europako lau erakundek bultzatzen dute; alfabetatze mediatiko eta informaziozkoaren garrantzian oinarritzen da, eta gazteek aro digitalean parte-hartze kritiko eta kontzientea egin dezaten sustatzea du ardatz.
Kanpaina Europako 15 eta 24 urte bitarteko gazteek sortu dute, eta belaunaldi digitalaren paradoxei buruzko gogoeta planteatzen du: sare sozialekin ohituen daudenak dira, baina sare sozial horiek informatzeko, harremanak izateko eta parte hartzeko moduan zer eragin duten ulertzeko gaitasun gutxien dutenak. Azkenaldiko datuen arabera, ELGAko herrialdeetako 15 urteko gazteen % 7 soilik da kapaz gertaerak eta iritziak bereizteko modu fidagarrian, eta Europako gazteen % 76k adierazi du eduki faltsua edo engainagarria aurkitu duela azken astean.
Hiru dira kanpainaren ideia nagusiak: alfabetatze mediatikoa eta informaziozkoa; ingurune digitala ulertzeko tresnak, eta gazteek hausnarketa-guneetan parte hartzea.
'My MIL, My Rules' Europar Batasunak finantzatzen du zati batean, Herritarrak, Berdintasuna, Eskubideak eta Balioak (CERV) programaren bidez. Istituto Cooperazione Economica Internazionalek (ICE) koordinatzen du, eta hiru bazkidek garatzen dute: Rede Portuguesa das Cidades Interculturais (Portugal), United for Intercultural Action (Hungaria), eta Diversit (Espainia – 2011tik Bilbo partaide duen Kulturarteko Hirien Sarearen erakunde koordinatzailea).
Kanpainaren helburua da 2026ko maiatzetik uztailera bitartean 110.000 pertsonarengana heltzea, sentsibilizazio- eta hedapen-ekintza zehatzen bidez eta ikastetxeekin, gazte-espazioekin, udalerriekin eta hezkuntzako profesionalekin aliantzak eginez.
'My MIL, My Rules' kanpainarekin, azken batean, asmoa da gogoeta-espazioak zabaltzea gazteek Interneten modu kritiko eta seguruan mugitzeko behar dituzten informazio, baliabide digital eta tresnekin duten harremanaren inguruan.