Síguenos en redes sociales:

Amaitu dira José María Escuza kalea berrurbanizatzeko lanak

Inbertsioa 960.750 eurokoa izan da, eta lanak azken zazpi hilabeteetan egin dira

Amaitu dira José María Escuza kalea berrurbanizatzeko lanakB. U.

Aurrera doa Bilboko Udala hiriko espazio guztiak berrurbanizatzeko eta irisgarriagoak egiteko erronkan. Oraingo honetan, Abandoko barrutian dagoen José María Escuza kalea urbanizatzeko obrak amaitu dira, zehazki Urkixo zumarkalearen eta Pérez Galdós kalearen arteko tartean. Oinezkoen mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzera, eta kalearen egoera osorik berritzera bideratutako esku-hartzea izan da. Horretarako, Udalak 960.750 euroko aurrekontua bideratu du, BEZa barne.

Jarduketaren helburu nagusia lehendik zeuden espaloiak handitzea izan da, alde batetik, oinezkoentzako espazio erosoagoa, seguruagoa eta irisgarriagoa ahalbidetuz. Eta, bestetik, kaleko hornidura-sarea osorik berritzea (hodiak, ureztatze—ahoak, ur-hartuneak eta konexioak), 50 urte baino gehiago zituelako eta azken urteetan hainbat haustura izan dituelako.

Era berean, lan hauetan, zoladura erabat berritu da, bai espaloietan, bai galtzadetan, eta oinezkoen pasabideak egokitu dira, irisgarritasun egokia bermatzeko. 

Bilboko José María Escuza kalea.

Proiektua

Proiektuaren testuinguruan, hiri-azpiegiturak hobetzeko jarduketa osagarriak ere egin dira, hala nola zerbitzu-sareak berritzea, estalkiak sestra berrira egokitzea, ertz-erretenak jartzea, hustubideak lekualdatzea eta euri-uren sarera konektatzea, zuhaitz-txorkoak egokitzea, eta kanalizazio berriak egitea argiztapenerako, semaforoetarako eta beste udal-zerbitzu batzuetarako, zuntz-linearako edo udal-sarerako azpiegituraren aurreikuspena barne.

Lanak azken zazpi hilabeteetan gauzatu dira, eta, esan bezala, 960.750 euroko aurrekontua izan dute guztira (BEZa barne).