Síguenos en redes sociales:

Bilbok errugbiko Europako finaletarako atzerako kontaketa hasi du

Gaur, maiatzaren 11n, hasiko dira hiriko hainbat espazio aktibatuko dituen hiri-girotzea osatuko duten hainbat dekorazio-elementu jartzen

Bilbok errugbiko Europako finaletarako atzerako kontaketa hasi duB. U.

Maiatzaren 22an eta 23an, San Mamesek errubgiko Europako finalak jasoko ditu, EPCR Challenge Cup eta Investec Champions Cup, hurrenez hurren. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak hasi dituzte lehen prestaketa-lanak.

Bilbo ‘errugbi-zelai handi’ bihurtuko da gaurtik, maiatzaren 11tik, aurrera, eta eragin bisual eta biral handiko hiriko esku-hartzeak eta Euskadiko herritarrentzat zein bisitan datozenentzat esperientzia parte-hartzaileak izango dira. Horretarako, hiru euskal erakundeek errugbiaren espiritua espazio publikora eramateko eta, horrela, bizipen kolektiboa sortzeko pentsatutako hainbat ekintza biltzen dituen sormen-proposamenaren alde egin dute. Horren helburua da euskal herritarrak, bisitariak eta lau talde finalistetako jarraitzaileak bateratzea errugbiaren inguruan: Montpellier HR v Ulster Rugby; Leinster Rugby v Union Bordeaux Begles.

Hala, hainbat elementu berezi jarriko dira Bilboko puntu estrategikoetan, maiatzaren 22ko (21:00etan) eta maiatzaren 23ko (15:45ean) kirol-ekitaldiarekin lotutako irudi ikonikoak sortzeko, begiradak erakartzeko eta jendea harri eta zur uzteko asmoz.

Astelehen honetan, maiatzaren 11n, formatu handiko errugbiko bi baloi eta olana bertikalak jarriko dituzte Bilboko udaletxearen eta Foru Jauregiaren eraikinetako balkoietan. Hala, finaletarako atzerako kontaketaren irudi bihurtuko dira.

Dagoeneko hiribilduko kale nagusiak apaintzen dituzten banderatxoez gain, datozen egunetan errugbiko lau zutoin ere jarriko dira, errugbiko sinbolo argi eta unibertsal gisa ezagutzen ditugun elementu bereizgarriak simulatzen dituztenak. Zutoin horiek faroletan eta zutabeetan txertatuta egongo dira, hiri-altzarien parte balira bezala, eta ekitaldira eta emozio partekatura iristeko atea simulatuko dute.

EPCR Challenge Cup eta Investec Champions Cup txapelketen trofeoak.

Bestalde, aste honetan, errugbia Bilboko aireportura ere iritsiko da. Han, hegazkinez iristen diren lau talde finalisten jarraitzaileei gol-zutoin batekin egingo zaie harrera, eta, hala, aireportuko gune hori jokaleku bilakatuko da. Horren bidez, lehen unetik barneratuko dira jarraitzaileak finaletako giroan.

Errugbiak zoladuran ere “arrastoa utziko du”: presiopeko urez egindako garbiketa-lanari esker, ekitaldiaren irudi ofiziala hiriko hainbat puntutan islatuta geratuko da. Hala, oinezkoen arreta bereganatzea eta lurzorua euskarri berritzaile eta jasangarri bihurtzea lortuko da.

Maiatzaren 14an, ostegunean, gainera, esperientzia teknologiko interaktiboa eta parte-hartzailea jasotzen duen ekintza ezagutaraziko dute Bilboko erdigunean.

Hiria girotzeko elementu horiek guztiek apaindu ez ezik, Bilbao-Bizkaia-Euskadiren izaera abegitsu, ireki eta parte-hartzailea aktibatu eta indartuko dute erreferentziazko nazioarteko kirol-ekitaldi horren aurrean.

Champions Rugby Village

Champions Rugby Village, bi finaletarako fan zone ofiziala, Casilda Iturrizar Parkean kokatuko da, pergola inguruan hain zuzen ere, eta jai-giroa izango da nagusi kirol eta kultur arloko jarduerekin, musikarekin, animazioarekin eta gastronomia-gunearekin.

Gune irekia izango da eta sarrera doakoa izango da bai lau talde finalistetako zaleentzat, bai gainerako zaleentzat eta, oro har, Euskadiko herritarrentzat.

Animazioa txarangarekin Sama Sikuren eskutik, errugbiko minipartidak, touch-pase luzeko-pase laburreko baloi-jaurtiketak, Oxabi taldearen kontzertua, kalejirak, Ondalaneko dultzainero eta erraldoien konpartsaren kalejira, DJ Estrella Electronica... izango dira ospakizunerako gune komun horretan egingo diren jardueretako batzuk. Gainera, piknika egiteko guneak eta babesleen aktibazio-espazioak ere egongo dira besteak beste.

Champions Rugby Village bi egunetan, maiatzaren 22an eta 23an, egongo da irekita 11:00etatik aurrera, etenik gabeko ordutegian.